Politika -

ETA-ren amaiera

ETAk gaur iragarriko du bere amaiera

Joan den apirilaren 16an, ETAk gutuna igorri zien erakundeei eta eragile politikoei bere "ziklo historikoa" amaitutzat eman duela jakinarazteko.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan, 2018ko maiatzaren 3an, egingo du publiko ETAk bere amaiera iragartzeko adierazpena, naiz.eus agerkari digitalak eta Berria egunkariak zabaldu dutenez.

Adierazpen horren bezperan jakin da ETAk gutuna igorri diela erakundeei eta eragile politikoei azken hilabeteotan egindako barne-hausnarketa prozesu baten ostean, bere "ziklo historikoa" bukatutzat eman duela eta "egitura guztiak erabat desegin" dituela jakinarazteko.

Josu Urrutikoetxea (Josu Ternera) eta Marisol Iparragirre ETAko buruzagi historikoek irakurriko dute ostegun honetan ETAren amaieraren adierazpena.

Berriak eta naiz.eus jakinarazi dutenez, nazioarteko agente "gutxi batzuk" ikusi zuten orain dela gutxi adierazpenaren bideoa; horretan, Josu Terenera agertzen da, denen agerian, ETAren adierazpena irakurtzen 3 hizkuntzatan.

Nazioarteko agenteek ETAren desegitea berretsiko dute gaur Genevan eta bihar Kanbon egingo diren ekitaldietan. Halaber, adierazpenaren bigarren grabazio bat espero da, Marisol Iparragirrek irakurriko duena, hain zuzen.

Apirilaren 16ko data duen eskutitzean, erakunde armagabetuak gogoratzen du "gatazka ez" zela ETArekin hasi eta, ondorioz, "gatazka ez" dela "ETAren ibilbidearekin bukatu". Era berean, "ETAren borrokak eragindako sufrimendua" aitortzen du.

Bestalde, EAJk, EH Bilduk eta Podemos Euskadik dagoeneko iragarri dute ordezkaritza bana bidaliko dutela ostiral honetan Kanboko Arnaga Jauregian egingo den ekitaldira. ETAren amaiera irudikatzeko antolatutako bake topaketa Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak antolatu dute.

EAJren ordezkaritza Andoni Ortuzar EAJko buruzagiak, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza Arloko arduradunak, Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidenteak eta Joseba Egibar legebiltzarkideak osatuko dute.

EH Bilduren izenean, ostera, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarte koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea, Adolfo Araiz koalizioak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea eta Bakartxo Ruiz Nafarroako legebiltzarkidea joango dira Kanbora.

Podemos Euskadik ez du Lander Martinez idazkari nagusia bidaliko Kanbora, baina, horren ordez, Eukene Arana legebiltzarkidea eta Andeka Larrea Komunikazio idazkaria joango dira.

Sindikatuei dagokienez, ELA eta LABeko ordezkari nagusiak, Adolfo Txiki Muñoz eta Garbiñe Aranburu, Kanbon izango dira. Gainera, Iparraldeko LABeko ordezkari Eñaut Aramendi ere naziaorteko konferentziara joango da.

UGT-Euskadik ere ostiraleko ekitaldian izango dela baieztatu du. Raul Arza idazkari nagusia joango da Kanbora, "behingoz ETA erakunde terrorista behin betiko desagertzen dela ziurtatzera, euskal eta espainiar gizarteei eragindako izu, jazarpen, estortsio eta hilketez betetako hamarkaden ostean".

CCOO sindikatuak, ordea, Kanbora ez joatea erabaki du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Albisteak Bakea Euskadin