Politika -

ETA-ren amaiera

Rajoy: 'ETAk egiten duena egiten duela ere, ez du inpunitate tarte bat ere aurkituko'

Halaber, ETA egun hauetan egiten ari den mugimendu guztiak "propaganda" egiteko direla esan du Rajoyk.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidentearen hitzetan, "egiten duena egiten duela ere", ETAk "ez du egindako krimenengatik inpunitate tarte bat ere aurkituko". Halaber, ETA egun hauetan egiten ari den mugimendu guztiak "propaganda" egiteko direla esan du Rajoyk.

Rajoyk Logroñon egin ditu gaur adierazpenok, ETAk gutun baten bidez erakunde eta eragile politikoei "egitura guztiak" desegin dituela iragarri diela zabaldu ondoren bezperan. Gutun horretan, ETAk "bere ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat ematea" erabaki duela jakinarazi du, "bere ibilbideari bukaera emanez".

"Egiten dutena egiten dutela ere eta esaten dutena esaten dutela ere, ez da ezer aldatuko", esan du Rajoyk.

Ostegun honetan, 2018ko maiatzaren 3an, egingo du publiko ETAk bere amaiera iragartzeko adierazpena.

Ostiralean, maiatzaren 4an, berriz, ETAren amaieraren inguruko nazioarteko topaketa izango da Kanbon (Lapurdi), eta adierazpen baten irakurketarekin bukatuko da. "Nazioarteko eragileek" irakurriko dute adierazpena.

Jardunaldiaren inguruko xehetasun batzuk jakitera eman dituzte Nazioarteko Harreman Taldeak, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak agiri batean. Ekitaldia 12:00etan hasiko da Arnaga etxean, Edmond Rostand Cyrano de Bergerac-en egileak XX. mendearen hasieran eraiki zuen etxean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Mariano Rajoy Espainiako Gobernua ETA Albisteak