Politika -
Kontrol saioa
'Estatutuak aurkeztea' ez da nahikoa, Patxi Lopezen esanetan
Lehendakariak esan duenez, ezker abertzalea "bide onean mugitzen da" baina "demokraziaren balore eta printzipioak onartu egin behar dira".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak onartu du ezker abertzalea "bide onean" mugitzen ari dela, baina, ohartarazi duenez, "demokrazian integratzea ez da soilik estatutu batzuk aurkeztea", horretarako "demokraziaren balore eta printzipioak onartu egin behar dira".
Horrela erantzun dio Patxi Lopezek kontrol saioan Juanjo Agirrezabala EAren bozeramaileak egindako galderari.
Agirrezabalak lehendakariari eskatu dio azal dezan "zein den bere balorazioa ezker abertzaleak soilik bide baketsu, politiko eta demokratikoak erabiliko zituela iragarri ostean".
Agirrezabalaren esanetan, ezker abertzaleak "helburu politikoak lortzeko soilik bide baketsu, politiko eta demokratikoekiko duen konpromisoa berretsi egin du Iruñean, eta indarkeriaren eta mehatxuen erabilera erabat arbuiatu egin du, indarkeriak ez duela ezer egiten independentziaren estrategiaren mesedetan nabarmenduta".
Ildo horretatik, EAren bozeramaileak esan du ezker abertzaleak "Alderdien Legeak zehazten dituen baldintzak betetzeko asmoa duela, argi utzita, egun, ez dagoelako sektore hori politikatik kanpo uzteko arrazoirik".