Politika -
Bilera Madrilen
ETAren proiektu politikoak aurrera jarraitzea gaitzetsi dute biktimen elkarte batzuek
Espetxe politikan aldaketarik izango ez dela Rajoyren ahotik entzutearekin pozik agertu dira gehienak bileran.
Agentziak | Erredakzioa
Ihes egindako ETAko kideen egoeragatik, besteak beste, Josu Ternera-rengatik, galdetu diete gaur biktimen elkarte batzuek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eta Juan Ignacio Zoido Barne ministroari. Anboto-rekin batera ETAren desegitearen berri eman zuen Ternera-k audio batean. Gainera, erakundearen proiektu politikoak aurrera jarraitzea gaitzetsi dute biktimek, haren historia kriminala “zuritzeko” saiakerarekin batera.
Indarrean dagoen legediarekin ados, espetxe politikan aldaketarik izango ez dela Rajoyren ahotik entzutearekin pozik agertu dira elkarte gehienak bileran. Horrela, ez da presorik hurbilduko, aldez aurretik preso bakoitzak indarkeria gaitzetsi, Justiziari lagundu eta egindako atentatuengatik kalte-ordaina pagatu barik.
Josu Ternera atxilotu ez dutelako mesfidantza agertu du Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak. Atxilotzen saiatu direla defendatu du Espainiako Gobernuak, baina momentuz arrakastarik gabe. Gainera, “abertzaleen faltsutzea indargabetzeko”, eskatu du Ordoñezek. Oraindik argitu gabe dauden 300 krimen baino gehiago ebatzi arte espetxeetako eskumenik ez transferitzea eskatu du Coviteko ordezkariak.
Ana Iribar Gregorio Ordoñez Fundazioko ordezkariak Exekutiboa kritikatu du, aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJrekin akordio bat adosteagatik. ETAren amaiera hau “etsigarria eta bidegabea” dela erantsi du Iribarrek.
Maite Araluce Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak Rajoyren hitzak eskertu ditu, “inpunitaterik izango ez” dela esatearekin kezkei “erantzuna eman” dielako. Hala ere, terroristen aurrean etsitzeko edo sakabanaketa politika ez mantentzeko beldurra azaldu du Aralucek.
“Adi egoteko” ideia horrekin bat egin du Miguel Folguera APAVTko ordezkariak. Espainiako Gobernuko presidentearekin eta Barne ministroarekin izandako bilera “kutuna” azpimarratu du Maria del Mar Blanco Biktimen Fundazioko presidenteak eta PPko diputatuak.