Politika -
ETA-REN AMAIERA
Foro sozialak eskerrak eman dizkio jendarteari, ETAren amaieran izandako paperagatik
Donostian egindako ekitaldian, "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu ditu biktima guztientzat eta "espetxe-politika arrunta" aplikatzea ETAko presoei.
AGENTZIAK | EITB.EUS
ETAren amaieran ezinbesteko lana bete duen Foro Sozialak ekitaldia egin du gaur Donostian, Bakearen Usoaren eskulturaren ondoan. Gizarte zibilak gatazkaren konponbidean egindako lana azpimarratu dute eta euskal jendarteari "aurrera jarraitzeko" deia egin diote. "Indarkeria mota guztien biktimekiko zorra" dagoela berretsi dute, eta ETAko presoei "espetxe-politika arrunta" aplikatu behar zaiela ere esan dute.
'Maroñoko elkarrizketen' 25. urteurrena ere gogora ekarri du Foro Sozialak. Arantzazun 1993an hasitako topaketa haietan Elkarrik, Bakearen aldeko Koordinakundeak, Amnistiaren aldeko Gestorak, Gernika Batzordeak, Herria 2000 Elizak, Denon Artean eta Bakea Orain taldeetako ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste, indarkeriaren inguruko "diagnostiko bat kontsentsuatu eta irtenbiderako balizko proposamen bat aurkitzeko helburuz". Halaxe jaso dute Foro Sozialeko kideek Fernando Armendarizek irakurri duen testuan.
Elkarrizketa horietan parte hartu zuten taldeei aitortza egin behar zaiela esan dute gauko ekitaldian, eta "ezberdinen arteko elkarrizketa" aldarrikatu dute "konponbiderako giltza gisa" eta "etorkizuneko erronkei aurre egiteko".
"Foro Soziala osatzen dugun pertsonok eta erakundeok ez dugu etsiko eta ez dugu utziko denboraren joana izan dadin arazoak konpontzek bitarteko bakarra" adierazi dute dokumentuan, "garaia da herritar guztiok, gizarte zibil osoak, beste aurrerapauso bat eman dezan herri honek behar duen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean".
"Egia, justizia eta erreparazioa" eskatu dituzte "biktima guztientzat", eta era berean, ETAko presoei "espetxe politika arrunta" aplikatzea: "Sekula berriro inongo preso edo senidek ez du pairatu behar zigor erantsirik" irakurri dute.
"Memoria inklusibo baten eraikuntza non errelato oro sentituko den ordezkatuta" aldarrikatu dute, amaitzeko: "sekula berriro inork ez du sentitu behar bere ideiak garaituak izan direla".