Politika -

Rene Cassin saria

Gernika Gogoratuz eta Nazioarteko Bake Brigadak saritu dituzte

Ekitaldian, "zuhurtzia eta erantzukizuna" eskatu ditu Idoia Mendia Justizia sailburuak, etorkizunean bakea lortzeko eta "frustrazio berri batean buka daitezkeen itxaropenak ez sortzeko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Justizia sailburuak Rene Cassin Giza Eskubideen Sariak entregatu ditu arratsaldean. Nazioarteko Bake Brigadak gobernuz kanpoko erakundea eta Maria Oianguren Gernika Gogoratuz-eko zuzendaria saritu dituzte, bakearen alde egindako ekarpenagatik.

"Zuhurtzia eta erantzukizuna" eskatu ditu Mendiak, etorkizunean bakea lortzeko eta "frustrazio berri batean buka daitezkeen itxaropenak ez sortzeko".

Sarituen inguruan, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz-eko zuzendariaren balioa goraipatu du Justizia sailburuak, eta "Gernika eta Euskadiko izenak herritarren bake nahiarekin lotzeko egindako ekarpena" azpimarratu du.

Bestalde, Nazioarteko Bake Brigadak gobernuz kanpoko erakundeak 30 urte daramatza "bizitzak salbatzen", munduko txoko ezberdinetan lekuko "deserosoak" lagunduz.

Giza eskubideak sustatu, defendau eta zabaldu

Eusko Jaurlaritzaren sariaren xedea jendaurrean beren ibilbide pertsonalarekin nahiz profesionalarekin giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza eman duten pertsonak, entitateak edo gizataldeak gizartearen aurrean aitortzea eta saritzea da.

Saria ohorezko aipamen batek, jendearen aitorpenak eta 16.550 euroko diru-zenbatekoak osatu dute.

Maria Oianguren bake-ekintzailea Gernika Gogoratuz Bakearen aldeko Ikerketa Zentroko zuzendaria da. 1987an sortu zen Eusko Legebiltzarraren erabakiaren ondorioz, Gernikako Bonbardaketaren 50. urteurrenaren harira.

Gernika Gogoratuzek Bakearen Eraikuntzaren eremuan lan egiten du honako esparruetan: ikerketa, prestakuntza, parte-hartze komunitarioa eta jendarteratzea, lan-sareak indartu eta Gernika munduko Bakean faktore izaten laguntzeko.

Bestalde, Nazioarteko Bake Brigadak nazioarteko izaera duen GKE da eta indarkeria eza eta giza eskubideen babesa sustatzen du 1981etik.

Sariaren izena Rene Cassin gogoan izanda pentsatu zuten. Rene Cassin Baionan jaio zen, 1887ko urriaren 5ean. I. Mundu Gerrako zorigaiztoko esperientziak eragin nabarmena izan zuen berarengan eta borrokan ibilitakoen eta gerrako biktimen defendatzaile porrokatua izan zen. Horiek horrela, 1948an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen eta, 1950ean, funtsezko papera jokatu zuen Giza Eskubideen Europako Ituna prestatzeko lanetan. Bakearen Nobel Saria eman zioten 1968an, giza eskubideen alde egindako lan ikaragarriagatik. Saria, Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Erakundea eratzeko erabili zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea