Politika -
Katalunia
Belgikari atxiloketa-agindu berriak bidaltzea eskatu dio Fiskaltzak Llarenari
Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari ohien Espainiaratzea aztertzeko ardura izan duen Belgikako epaileak euroagindua “forma-akatsengatik” atzera bota zuen asteazkenean.
Agentziak | Erredakzioa
Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohiak atxilotzeko euroagindu berriak Belgikari bidaltzea eskatu dio Fiskaltzak Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari, nahiz eta asteazkenean Espainiaratzea “forma-akatsengatik” atzera bota.
Ministerio Publikoa Goreneko magistratuarekin ados dago, eta kontseilari ohi auzipetuak entregatzeko aferan “akatsa” Auzitegi Gorenak egin ez duela uste du, Belgikak baizik.
“Hala ere, Belgikako Justiziak azaldutako desadostasun formalak ikusita”, auzipetuak “atxilotzeko euroagindua igortzeko” eskatu dio Llarenari, “zuzenean Belgikako Justizia agintariei bidaltzeko”.
Toni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari ohien Espainiaratzea aztertzeko ardura izan duen Belgikako epaileak euroagindua “forma-akatsengatik” atzera bota zuen asteazkenean.
“Elkarlanean aritzeko borondate falta” egotzi zieten Goreneko iturriek Belgikako agintariei asteazkenean. Gaur, Llarenak berak Alemaniari jakinarazi dioenez, “akatsa ez du Espainiak egin, Belgikak baizik”.
Espainiako magistratuaren iritziarekin bat egin du Fiskaltzak gaur. Ministerio Publikoaren ahotan, “Belgikako Justiziak ulertutakoaren kontra, auzipetze-autoa nahikoa da, kontseilari ohiak atxilotzeko euroagindua oinarritzeko”.
Hau da, “auzipetze-autoek Europako araudiaren eskakizunak betetzen dituzte eta atxilotzeko agindu nazionala eskatzea zentzurik ez du”, Belgikak esandakoaren kontra.