Politika -

Kontrolatzaileen krisia

Zapatero: 'Orden konstituzionalari egindako iraina izan zen matxinada'

Espainiako Gobernuko presidenteak defendatu egin du alarma egoera ezarri izana, eta Exekutiboak "aukera guztiak" agortu zituela gaineratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du larunbatean alarma egoera ezarri izana "neurri neurtua" izan zela, aire-kontrolatzaileek "orden konstituzionalari" egindako "iraina"ren aurrean.

Zapatero agerraldia egin du Diputatuen Kongresuan, ez ohiko saio batean, kontrolatzaileen protestak piztutako krisiaren aurrean hartutako neurriak azaltzeko.

Hori horrela, alarma egoera ezarri baino lehen Gobernuak "aukera guztiak" agortu zituela.

Bere hitzetan, Exekutiboaren erantzuna "argia eta irmoa" izan zen, "neurtua", eta nazioarteko hedabideek baloratu egin zuten, kontrolatzaileek eragindako "eragin ezkorra" arindu egin baitzuen.

Espainiarrak (AESA) 430 lan espediente ireki dituztela, eta horien ondorioetara itxaron beharko dela erantzukizunen larritasuna aztertu ahal izateko.

Fiskaltzak abiatutako izapideen aurrean, ikerketa amaitu arte itxaroteko beste dei bat egin du.

Kontrolatzaileen lan-egunak arautzeko Gobernuak ostiralean publikatutako dekretuaren harira, Zapaterok ziurtatu du Santiagon eta Kanarietan piztu ziren gatazka batzuk Espainia osoan orokortzea galarazteko egin zutela.

Rajoyk "gauzaeza" deitu dio Sustapen ministroari

Bere aldetik, Mariano Rajoy PPko presidenteak adierazi du kontrolatzaileen krisiak agerian utzi duela Gobernuak "utzikeriaz eta pasibotasunez" kudeatzen dituela gai publikoak.

Gainera, gogor egin du Jose Blanco Sustapen ministroaren aurka. "Sustapen ministro jauna gauzaeza eta lotsagabea da, beti aitzakia baitu erantzukizunak ez hartzeko", esan du, Alfredo Perez Rubalcabak 1999an Rafael Arias Salgado garai hartako Sustapen ministroari esan zion bezala.

Irain horrek hautsak harrotu ditu Behe Ganberan, baina Rajoyk eutsi egin dio, eta egungo lehen presidenteordeak duela 11 urte erabilitako "epiteto maitagarri berberak" direla esan du.

PPko presidenteak babestu egin du Gobernuak abiatutako neurriak, baina kritikatu egin du krisiarekin eta lan gatazkarekin egindako kudeaketa.

EAJ, NaBai eta UPN

EAJren aldetik, Josu Erkoreka bozeramaileak babestu egin du alarma egoera ezarri izana. "Txarra da salbuespen neurriak hartu behar izatea eguneroko arazoak konpontzeko, baina garbi dago kasu honetan hori gaitz txikia izan dela". Bere ustez, gainera, baliteke kaltea handiagoa izan izana Gobernua "besoak gurutzatuta" geratu izan balitz.

Nolanahi ere, Erkorekak nabarmendu du agerian geratu dela Gobernuak "porrot" duela, "ezin izan baititu galarazi langile publiko batzuek eragindako arazo larriak".

Uxue Barkos Nafarroa Baiko diputatuak iritzi dio kontrolatzaileak direla gertatutakoaren erantzuleak, baina ohartarazi du alarma egoera ezin dela izan luzatu egingo den arazo baten erantzuna.

Carlos Salvador UPNko diputatuak esan du kontrolatzaileen jokaera eta Gobernuaren erantzuna "neurrigabeak" izan direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea