Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Justin Harman: 'Aurrerapenik ez da egongo, ETAren amaiera heldu arte'
ETAren "erabateko eta baldintzarik gabeko" adierazpena "ongi-etorria" litzatekeela esan du Irlandako enbaxadoreak, Justin Harmanek.
Erredakzioa
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, baikor agertu da Harman Euskadin bakea lortzeko aukerarekin. Hala ere, Irlandako adibidea "nahiko berezia" dela gaineratu du; horregatik, ez du Euskal Herriko eta Irlandako egoeren arteko parekatzerik egin nahi. "Irlandako egoera eta Euskadiko egoera ezberdinak dira erabat", nabarmendu du.
Indarkeriaren amaiera lortu arte aurrerapausoak ematea ezinezkoa dela esan du Irlandako enbaxadoreak. "Indarkeriaren mehatxuarekin ezin dira elkarrizketa prozesuak eta aurrerapausoak eman", berretsi du.
ETAren "erabateko eta baldintzarik gabeko" adierazpena "ongi-etorria" litzatekeela esan du Harmanek. Horrez gain, Euskadiko alor politikoen alderdi guztien iritziak eztabaida honetan egotea "oso garrantzitsua" dela gaineratu du.
"Baina indarkeria erabiltzeko mehatxuak mahai gainean jarraitzen badu, ezin dira aurrerapausoak eman", adierazi du.
Batasunaren legalizazioa "epaileen erabakia" izan beharko dela esan du Irlandako ordezkariak, baina "iritzi guztiak ordezkatuta egoteko beharra" goraipatu du.