Politika -
PSE
Estatutu legala nahi du Mendiak, Euskadi solidarioa, berdinzalea eta soziala egiteko
EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorrak zergatik babesten dituen azaldu beharko duela azpimarratu du PSE-EEko idazkari nagusiak Pasaian egindako adierazpenetan.
Agentziak | Erredakzioa
Sozialistek autogobernuari buruz "herritarrentzat erabilgarria den" edozein akordiotan parte hartuko dutela baieztatu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Hori dela eta, "Euskadi solidarioa, berdinzalea eta soziala" eraikitzeko "legezko Estatutua" eskatu du, euskal gizartearen "nortasun ezaugarri" nagusia dela argudiatuta.
Pasaiako Itsas Jaialdian egin ditu adierazpenok Mendiak. Elkarrekin Ahal Duguk Euskal Estatutu berriaren inguruan EAJk eta EH Bilduk ezarritako atarikoaren inguruan hartutako jarreraz galdetu diote kazetariek.
"Sozialistak beti gara positiboak eta gure ideiak ekarriko ditugu, baita gure autogobernurako ideia ere. Gure iritziz, hobeto gobernatzeko herritarren eskura dagoen tresna bat da", azaldu du Mendiak.
PSE-EEko idazkari nagusiaren esanetan, alderdian "badakite mundua aldatu egin dela 1979tik". Horrez gain, "sozialistak herritarrentzat ona den edozein akordiotan egongo direla" azpimarratu du, eta horretarako, "bideragarria izan behar du, egungo legediaren baitan".
Bestalde, sozialistek 'Ibarretxe plana' baztertu zutela gogoratu du, "ez zuelako inora eramaten". Beraz, "herriarentzat ona den edozein itunetan egongo dela azpimarratu du, Euskadi solidarioa, berdinzalea eta soziala eraikitzen jarraitzen badu; izan ere, hori da euskal gizartearen nortasun ezaugarri nabarmenena", gaineratu du.
Idoia Mendiak Pasaiara egindako bisita aprobetxatu du, "Pasaia izan denaren errekuperazioa eta harrotasunaz gain, etorkizunera begira duen proiekzioa baloratzeko".
Estatuko Aurrekontu Orokorrak
EAJk Estatuko Aurrekontu Orokorrei emango dien babesa aurreikusita, "alderdi bakoitzak bere jarrerak" azaldu behar dituela uste du Mendiak. Horrenbestez, jeltzaleek "azken 7 urteotan egindako murrizketak hobetzen ez dituen aurrekontuak" zergatik babestuko dituen argudiatzea egokituko zaiola iruditzen zaio.