Politika -
Polemika
Iglesiasen eta Monteroren karguak, Podemoseko kideen esku
Bi politikariek erositako etxea dela eta sortutako polemikaren ostean iragarri dute erabakia, gaur arratsaldean emandako prentsaurrekoan.
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak eta alderdiak Kongresuan duen bozeramaileak, Irene Monterok, haien karguak eta diputatu aktak militanteen erabakiaren esku utziko dituztela iragarri dute gaur arratsaldean. Iglesiasek eta Monterok erositako etxea dela eta sortutako polemikaren ostean eman dute erabakiaren berri.
Bi politikariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur arratsaldean. Haien sinesgarritasunari buruz eztabaida abiatu dela uste dute, eta "intimitatearen muga guztiak gainditu" direla.
Alderdi moreko militanteek honako galdera honi erantzun beharko diote: "Pablo Iglesiasek eta Irene Monterok idazkaritza nagusiaren buruzagitzan eta Kongresuko bozeramailetzan jarraitu behar dutela uste duzu?"
Bi erantzun posible izango dituzte: "Bai edo Ez, idazkaritza nagusia, bozeramailetza eta diputatu akta utzi behar ditu".
Aste honetan zabaldu denez, Iglesiasek eta Monterok bizitza bateko etxea erosi dute Madril iparraldeko mendialdean. 540.000 euroko hipoteka eskatu dute, erdibana, hori ordaintzeko. Albiste hori hedatu ostean hartu dute erabakia.
Pablo Iglesiasek azaldu duenez, datorren astelehenean emango dute emaitzen berri. Haien sinesgarritasunaren inguruan sortutako eztabaida ikusita, dauden karguan jarri zituztenek erabakitzea iruditzen zaiela zentzuzkoena defendatu du.