Politika -
Memoria historikoa
San Cristobal gotorlekuko presoen ihesaldi historikoa gogoratu dute, 80. urteurrenean
800 presok ihes egiten saiatu ziren 1938an San Cristobal gotorlekutik. Horietako asko hil egin zituzten ihesaldian, eta beste asko fusilatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira gaur orain dela 80 urte Ezkabako San Cristobal gotorlekutik ihes egiten saiatu ziren 800 presoak eta han espetxeratuta egon ziren beste guztiak omentzeko.
1938ko maiatzaren 22an preso errepublikarrek egindako ihesa gogoratzeko ekitaldia antolatu du Txinparta elkarteak hainbat urtetan. Gaur bereziki hunkigarria izan da, 80. urteurrena izan delako. Ihes egin zuten presoen gorpuak berreskuratzeko eta idetifikatzeko urtetako lana egin dute, eta Nafarroako Gobernuak bat egin du zeregin horrekin azken urteotan.
Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak hartu du parte omenaldian. Azken urteotan, ihes egindako 43 presoen gorpuak lurpetik atera eta DNA banku bat sortzeaz gain, gertatutakoa azaltzeko kultura eta dibulgazio ekimenak bultzatu dituzte.
"Erakundeek hamarkada askotan izandako isiltasuna eta ahanztura haustea" da helburua. Kontseilariaren esanetan, "erakundeak berandu iritsi dira". Memoriaren aldeko elkarteek egindako lanari esker hitz egin dezakegu "Nafarroak memoria arloko politika publikoetan duen lidergoaz", gaineratu du Ollok.
Musika emanaldiak ez ezik, bestelako keinu hunkigarriak ere izan dira ekitaldian. Esaterako, ustez 1938ko San Cristobaleko ihesa bultzatzeagatik fusilatu zituzten 14 presoen izenak idatzita dituzten beirazko botilak jarri dituzte hainbat loreren inguruan.