Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Euskadin ez omen zen lanuzte kolektiboaren bultzatzailerik izan'
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiaren arabera, justizia zibilaren ikerketak auzitegi militar batean buka liteke.
Erredakzioa
Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak esan duenez, "horietako batek edo batzuek" egotzi dieten sedizio "delituan parte hartu badu edo badute, partehartzaile bezala izango litzateke, ez bultzatzaile bezala".
Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak zortzi urterainoko kartzela-zigorrak, sedizio delitu bat leporatuta, eskatuko zituztela esan zuen atzo Zaragozan, aurreko astean euren lanpostua utzi eta Espainiako aire-eremua geldiarazi zuten aire-kontrolatzaileentzat.
Calparsorok Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean esan duenez, "lanuztea ez zen bat-batekoa izan, aurretik koordinatutakoa baizik", eta "arduradunak eta kontrolatzaileen sindikatuaren liderrak lan gehien duten lanpostuetan daude", esaterako, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian edota uharteetan.
Fiskalaren arabera, auzi bakoitzean "zigorrak ezberdinak dira" eta parte hartzaile hutsen kasuan, hiru urterainoko zigorrak aurrikusita daude 1964ko aire-nabigazioaren legean, jurizdikzio militarrean eta, Zigor Kodean, isuna.