Politika -
Polizia nazionala
29 pertsona atxilotu dituzte, Kataluniako prozesuaren finantzazioa dela eta
Agenteak miaketak egiten ari dira Generalitateko hainbat egoitzatan. Nazioarteko kooperazioari zuzendutako dirua erabili ote zuten argitu nahi dute.
agentziak
Polizia Nazionaleko Delitugintza Ekonomikoa eta Fiskalaren Unitateko (UDEF) agenteek 29 pertsona atxilotu dituzte gaur, osteguna, Kataluniako prozesua nazioarteko kooperazioari zuzendutako diruarekin ordaindu ote zuten argitzeko abiarazi duten operazioan.
Espainiako Poliziak 12:30ak aldera egindako balantzearen arabera, 29 dira atxilotuak. Ikerketako iturrien arabera, atxilotuetako gehienak egitasmo independentistarekin lotutako pertsonak dira, izan Artur Mas presidentearen edota Carles Puigdemont presidentearen garaian.
Prebarikazioa, influentzia-trafikoa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea eta diru-laguntzetan iruzurra egitea leporatu diete atxilotuei.
Salvador Esteve Bartzelonako Diputazioko presidente ohia atxilotu dute, besteak beste. Atxilotuen artean, gainera, Joan Carles Garcia Torderako alkate (CiU) eta probintzia diputatua ere badago, baita Victor Terradellas ere. Terradellas CDCren Nazioarteko Harremanen arduradun ohia, CARmon entitatearen sortzaile eta nazioarteko kooperazioari lotutako gizona da. Atxilotuen artean dagoen beste bat Jordi Castells Masanes da, Generalitateko Tokiko Lankidetzako zuzendari izan zena eta egun zuzendari ordea dena.
Operazioari 'Estela' izena ipini diote, eta Bartzelonako 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailea gidatzen ari da.
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak plazaratutako ohar baten arabera, Bartzelonako Diputazioan ikertzen ari diren diru-laguntzak bi milioi eurokoak lirateke. Gainera, 20 bat egoitza publiko eta irabazi asmorik gabeko entitatetan miaketak egin eta sartuko direla adierazi du.
Agenteak -batzuk Madriletik joan dira- Generalitateko hainbat egoitzatan daude, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko prozesuan diru publikoa bidegabe erabili zuten argitzeko.
Nazioarteko kooperaziorako diru-partida, poliziek egindako zenbait txostenen arabera, handitu duten partidetako bat da, Carles Puigdemonten Gobernuak bultzatutako independentziaren aldeko prozesua nazioartean zabaltzeko ustez erabilitakoa.
Generalitateko 2017ko aurrekontuetan 17,4 milioi euro bideratu zituzten Erakunde arteko Harremanen eta Kanpo Arazoetarako Kontseilaritza, Raul Romeva horren buru zela, eta Kooperaziorako Kataluniako Agentzia. Romeva kartzelan dagoen kargugabetutako kontseilarietako bat da.
Zehatz-mehatz, ustezko legez kanpoko diru-laguntzak 2012 eta 2015 bitartean eman zizkioeten hainbat entitate eta GKEri, Latinoamerikan, Marokon eta Bosnian, besteak beste, laguntzeko.
Nolanahi ere, baliteke ikerketa prozesu osora zabaltzea, miaketetan horrekin lotutako independentziarako bide orria eta U-1eko erreferenduma ordaintzeko diru publikoa bideratzen zutela erakusten duten frogak topatuz gero.
PDeCAT: Frogak asmatzen saiatzen ari dira
Carles Campuzano PDeCAT alderdiak Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen esanetan, gaurko polizia operazioarekin argi gelditu da ez dagoela frogarik Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak Kataluniako aurreko Gobernuaren kontra egindako akusazioei eusteko, eta orain "asmatzen ahalegintzen" ari dira.
TV3 telebista kateari egindako adierazpenetan azaldu duenez, bistakoa da Llarenak Kataluniako Gobernuko kideen aurka ustez diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik abiatutako ikerketak ez daukala oinarri legalik.
"Agerian gelditu da Estatua indarrean dagoen legedia bihurritzen ari dela existitzen ez diren delituak asmatzeko", azpimarratu du. Bestalde, Kataluniako Gobernuko kideek ez dutela "inongo momentutan" dirua bidegabe erabili gaineratu du.