Politika -
Zentsura mozioaren harira
Eusko Jaurlaritza 'leiala' izango zaio Espainiako Gobernuari 'edonor dagoela ere'
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak egin du iragarpena, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura-mozioaz galdetuta.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren buruzagitzan "edonor dagoela ere", Eusko Jaurlaritzak "leialtasunez, lankidetzaz eta eraginkortasunez" jokatuko du, astearte honetan Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura-mozioaren harira esandakoaren arabera.
Erkorekak Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu duenez, Jaurlaritzan bazkide diren bi alderdiak (EAJ eta PSE-EE), ez datoz bat zentsura-mozioaren aurrean hartu beharreko jarrerarekin, eta, hortaz, Eusko Jaurlaritzak horren inguruan "jarrera irmo eta ofizial bat" ez duela gaineratu du.
Badago, ordea, Jaurlaritzako bi kideen arteko adostasuna, Espainiako Gobernuarekin "jarrerarik onenarekin" eta "edonor dagoela ere" modu "eraikitzailean" lan egiteko.
Bestalde, zentsura-mozioa onartuz gero Espainiako Aurrekontuetan EAErako jasota dauden "inbertsioak" ez oztopatzea espero duela esan du Erkorekak. Hala ere, "hori Eusko Jaurlaritzatik harago dauden faktoreen menpe dago", gaineratu du.