Politika -

ZENTSURA-MOZIOA

Hauteskundeen data adostea eskaini du Sanchezek

PSOEko buruzagia hauteskunde orokorren deialdia adosteko prest agertu da, baldin eta Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioak aurrera egiten badu.

Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Pedro Sanchezek bilera sorta hasi du alderdiekin etziko mozioaz jarduteko

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak adierazi duenez, "beste gauza batzuetarako" (155. artikulua babesteko, esaterako) bere alderdiak egin duen Estatu oposizioak eraman du Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa aurkeztera. "Mariano Rajoyren eta bere Gobernuaren garaia amaitu da", ohartarazi du.

Sanchez PSOEko diputatu eta senatariekin elkartu da gaur goizean, Rajoyren aurkako zentsura-mozioa zergatik aurkeztu duen azaltzeko. Espainiako kohesio soziala eta batasuna arriskuan jarri izana, Espainiak Europar Batasunaren aurrean eta alderdi politikoek herritarren aurrean duten sinesgarritasunari kalte egitea egotzi dio PSOEko idazkari nagusiak Gobernuko presidenteari.

Buruzagi sozialista hauteskunde orokorren deialdia adosteko prest agertu da, baldin eta Mariano Rajoyren kontrako zentsura-mozioak aurrera egiten badu. Are gehiago, beste alderdi politikoekin hurrengo Gobernuaren iraupena negoziatzearen alde agertu da, hauteskundeak deitu aurretik.

PSOEko idazkari nagusiaren esanetan, hauteskunde orokorrak deitu aurretik denboratxo bat behar da herrialdeko "bizitza politiko eta instituzionala egonkortzeko eta normalizatzeko".

Bestalde, zentsura-mozioaren aurrean beren jarrera adierazteko eskatu die alderdi politikoei, gai honetan bitarteko jarrerek ez dutelako lekurik, horren hitzetan.

PSOE Kongresuko talde batzuekin harremanetan jarri da

Pedro Sanchez PSOEko burua Unidos Podemos, Compromis eta ERCko talde parlamentarioetako ordezkariekin harremanetan jarri da Rajoyren aurkako zentsura-mozioaz hitz egiteko.

Podemoseko iturriek baieztatu dutenez, Pedro Sanchezek Pablo Iglesias alderdi moreko idazkari nagusiarekin hitz egin du telefonoz. Dena den, ez dute elkarrizketa horren edukiaren inguruko xehetasunik eman.

Joan Baldovi Compromiseko bozeramaileak eta Jose Luis Abalos PSOEko Antolaketa idazkariak bilera egin dute gaur goizean. Abalosek eskerrak eman dizkio Compromisi trukean ezer jaso gabe zentsura-mozioa babesteagatik.

Joan Tarda ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak baieztatu duenez, atzo Pedro Sanchezek deitu zion eta hemendik aurrerakoak Abalosekin hitz egiteko esan zion.

Bestalde, PDeCATek ziurtatu duenez, ez dute bilerarik egin Sanchezekin, Carles Campuzano bozeramaileak Sanchezekin trukatutako "kortesiazko" mezuez harago.

 

Iglesias: "Sanchezek ostiralean porrot egiten baldin badu, PPk gobernatzen jarraitu baino lehen, bigarren aukera bat dago"

 

Bestalde, Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak beharrezko babesak lortu ez eta bere saiakeran porrot egiten baldin badu, hauteskundeak deitzeko beste zentsura-mozio bat aurkezteko prest agertu da gaur Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia.

“Pedro Sanchezek ostiralean porrot egiten baldin badu, PPk gobernatzen jarraitu baino lehen, bigarren aukera bat dago, lehenbailehen hauteskundeak egiteko lan egitea, alegia”, adierazi du Iglesiasek Kongresuko pasilloetan.

Baina Ciudadanosi diputatuak ez dizkio utziko, mozio bat aurkez dezan, Podemosek 67 diputatu dituelako eta egin ahal duelako. Hala eta guztiz ere, Sanchezen mozioari babesa berretsi dio Podemoseko idazkari nagusiak.

 

Villegas: "Guk egiten ari garenari eutsiko diogu"

 

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkariak azaldu duenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari hauteskundeak aurreratzeko eskatzen jarraituko dute, eta uko egingo balio, bultzatzen saiatuko lirateke, zentsura-mozio “instrumental” baten bidez.

Hala ere, bigarren aukera horretarako “batez ere” PSOErekin hitz egingo luke. Horrela, Podemosek mozioa bultzatuko balu, Ciudadanosen jarrera zein izango litzateke ez du zehaztu Villegasek.

“Guk egiten ari garenari eutsiko diogu: lehenik eta behin, Mariano Rajoy konbentzitu, presioa egin eta eskatu, jarrera aldatu eta hauteskundeak deitu ditzan, eta hala ez balitz, batez ere PSOErekin hitz egingo dugu”, esan du Kongresuko pasilloetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Alderdi Sozialista PP Rajoy berriak Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Pedro Sánchez bideoak Ustelkeria politikoa azken albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak