Politika -

Espainiako Gobernu berria

Sanchez presidente karguaz jabetuko da larunbat honetan, 11:00etan, Zarzuelan

Sozialista demokraziako zazpigarren gobernuburua izango da. Karguaz jabetu ondoren ministro berriak iragarri beharko ditu Sanchezek, baina noiz egingo duen ez dute zehaztu.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidente berria. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidente berria. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidente berria. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak karguaz jabetu edo zina egingo du Felipe VI.aren aurrean, larunbat honetan, 11:00etan, Zarzuela jauregian, Errege Etxeko iturriek jakitera eman dutenez.

Zarzuelako Audientzia Aretoan zeremonia egin ondoren, Sanchez ofizialki demokraziako zazpigarren gobernuburua izango da, Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa aurrera atera ondoren.

Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidentea erregearekin bildu da arratsaldeko lehen orduan, Zarzuelan, Sanchezen inbestiduraren berri emateko. Lehentxeago, buruzagi sozialistak telefonoz hitz egin du estatuburuarekin.

Pastorren eta Felipe VI.aren arteko bilerak 20 bat minutuko iraupena izan du. Batzarra amaitu ondoren, karguaz jabetzeko ekitaldiaren data jakitera eman du Errege Etxeak.

Jarraian buruzagi sozialista izendatzeko errege-dekretua sinatu du erregeak, larunbat honetako ekitaldia baino lehen, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Ohitura den bezala, zeremonia Audientzia Aretoan egingo dute. Sanchezek karguari fideltasuna adieraziko dio, Konstituzioari men eginez.

Besteak beste, Ana Pastor Kongresuko presidentea, Pio Garcia-Escudero Senatuko presidentea, Juan Jose Gonzalez Rivas Auzitegi Konstituzionaleko presidentea eta Carlos Lesmes Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea ekitaldian izatea espero da.

Kargua uzten duen Gobernuko presidentea bertan izan ohi da, kasu honetan Rajoy izango litzateke.

Erresumako notario nagusi gisa, Rafael Catala Justizia ministroa zeremonian izango da, ekitaldiaren fede emateko.

Zeremoniaren hasieran, erregeak sinatutako errege-dekretua irakurriko dute, PSOEko buruzagiaren izendapena agintzen baitu, Konstituzioaren 62. eta 99. artikuluek aurreikusi bezala.

Karguaz jabetu ondoren ministro berriak iragarri beharko ditu Sanchezek, baina noiz egingo duen ez dute zehaztu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Albisteak