Politika -

Memoria historikoa

1978ko sanferminetako biktimak aitortzeko lehen ekitaldia egin dute erakundeek

Sumarioak berriz zabaldu beharko liratekeela eta gizateriaren aurkako delituengatik kereila bat jarri beharko litzakeela ondorioztatu duen txostena publikoki aurkeztu dute Gayarre Antzokian.

German Rodriguez. Artxiboko irudia: EiTB
German Rodriguez. Artxiboko irudia: EiTB
Iruñeko Udalak omenaldia egin dio German Rodriguezi, lehenengoz

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1978ko sanferminetan jazotako gertakarien biktimak aitortzeko ekitaldia antolatu du Iruñeko Udalak. Gertakariak ikertu dituen lantaldeak egindako txostena aurkeztu dute omenaldian.

Horrela, sumarioak berriz zabaldu beharko liratekeela eta gizateriaren aurkako delituengatik kereila bat jarri beharko litzakeela ondorioztatu duen txostena publikoki aurkeztu dute Gayarre Antzokian.

Udalbatzako kideak, Nafarroako Gobernuko, Foru Parlamentuko, Diputatuen Kongresuko eta Europako Parlamentuko ordezkariekin batera, ekitaldian izan dira. Gertakarien inguruko bideo bat ikusi ahal izan dute.

Txostena aurkeztu baino lehen, German Rodriguezen senitartekoek adierazpen bat irakurri dute. Ondoren mahai-inguru batean parte hartu dute Peñen Federazioko, 78ko gertakarietako zaurituen eta 1978ko Udalaren ordezkariek eta auziko abokatuak. Balerdi-Balerdi taldeko Toñok musika jarri du amaieran.

Jardunaldiaren izaera historikoa azpimarratu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Asironen ahotan, “sanferminetako gertakari izugarri haiek nozitu zituzten biktimak espresuki eta esplizituki aitortu” ditu Udalak aurrenekoz.

Urte hartan hirian gertatutakoaren memoria bizirik mantentzeko, Sanferminak 78 Gogoan kolektiboak 40 urtetan zehar egindako lana eskertu du Asironek, baita lantaldeak egindako ikerketa eta dokumentazio lana ere. “Duela 40 urte bizitako eta sufritutako hori, Iruñean berriz ez gertatzea espero dut”, adierazi du alkateak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako txostenaren arabera, sumarioak berriro zabaltzea oinarrizkoa da, bere garaian onartu, baina egitera heldu ez ziren frogak egitea eta guztia auzitara eramatea beharrezkoa da, gizateriaren aurkako delitu batengatik.

Segurtasun indarrek Iruñeko biztanleria “nahita” zapaltzeko eta eskarmentua emateko plan bat aurrera eraman zutela dio txostenak. Ikerketa judiziala “zabarra eta eskasa” izan zela ondorioztatu du txostenak. Aldi berean, segurtasun indarrek eta pertsona errudunek ikerketa “baldintzatu” zutela uste du dokumentuak. Horregatik, ikerketa berria abiatzea ezinbestekoa ikusten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Sanferminak Albisteak Iruñeko Udala Memoria Historikoa