Politika -
Giza katea
Erkoreka: 'Legebiltzarra ezinbestekoa izango da GEDren aldarrikapena bideratzeko'
"Ezer gutxi esan daiteke -Gure Esku Dagoren ekimenaren- kontra", adierazi du. Gainera, adierazgarria izan da Legebiltzarrean bukatu izana, "horrek erakusten duelako gizartean badagoela eskari bat".
agentziak
Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Gobernuaren bozeramailearen esanetan, "Eusko Legebiltzarra ezinbestekoa izango da" Gure Esku Dagok atzo antolatutako giza katean egindako "aldarrikapena erakundeetatik eta modu antolatuan bideratu ahal izateko".
ETB-1eko Egun On Euskadi saioan egindako elkarrizketa batean Erkorekak adierazi duenez, "atzoko ekimenaren kontra ezer gutxi esan daiteke. Jende asko bildu da", EAEko hiru hiriburuak lotu zituen giza katean.
"Kateak Legebiltzarrean bukatu zuen atzo. Oso adierazgarria izan zen, erakusten duelako gizartean badagoela eskari bat, baina ikusi dugu horren kontra dagoen jendea ere badagoela. Han bukatu izanak adierazten du Legebiltzarraren parte-hartzea ezinbestekoa izango dela aldarrikapena bideratu ahal izateko, modu instituzionalean eta antolatuan", azaldu du Jaurlaritzaren bozeramaleak.
Manifestazioa han bukatzeak "esan nahi du lekukoa Legebiltzarrari ematen zaiola eta Legebiltzarraren eskuetan uzten dela orain, beste aldarrikapen asko eta asko bezalaxe, beste batzuk ere baitira euskal gizartean", erantsi du.
Era beran, Erkorekak azaldu du Jaurlaritzak errespetatu egiten dituela adierazpen askatasuna defendatzen dituzten manifestazioak eta, gainera, "normaltasunez eta jai giroan" izan zen atzokoa.
Alabaina, Erkorekaren esanetan, "egia da, manifestazioak helburu batzuk izan ditu, aldarrikapen batzuk, baina egia da baita ere adierazpen ezberdinak entzun ditugula komunikabideetan, eta mundu guztiak ez duela bat egiten atzoko adierazpenaren esanahiaren inguruan".
Giza katea, iruditan: