Politika -

Inkesta

Jaurlaritzak ez du herritarren konfiantza, Soziometroaren arabera

Hamarretik seik konfiantza gutxi dute edo batere ez Patxi Lopezen Gobernuarengan. Buruzagi politikoek ez dute azterketa gainditu eta lehendakariari 4,3koa eman diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren % 61ek konfiantza gutxi dute edo batere ez Eusko Jaurlaritzarengan, % 34k, berriz, badu konfiantza. Gainera, Patxi Lopez lehendakaria laugarren geratu da buruzagi politikoen balorazioan Aintzane Ezenarro eta Patxi Zabaleta Aralarrekoen eta Iñigo Urkullu EAJko presidentearen atzetik, soziometroak azaroaren 15a eta 24a artean 2.198 herritarri egindako galdeketaren ondorioetan agertzen denez.

Inkestaren arabera, euskal gizartearen % 45ak konfiantza gutxi du Jaurlaritzarengan; % 31k, berriz, nahikoa du, % 16k batere ez eta % 3k konfiantza handia du.

Herritarren ia erdiak uste du Jaurlaritzak ez dakiela arazoei aurre egiten. % 36k uste du badakiela, baina denbora behar duela. % 4k bakarrik pentsatzen du Jaurlaritza modu egokian ari dela arazoei aurre egiten.

0tik 10erako eskala batean, herritarrek 5,8a eman diote Patxi Lopezen Gobernuari Turismo alorrean, 5,6koa Osasunean, 5,5ekoa azpiegituretan, 5,3koa Hezkuntzan, 5,2koa Kulturan eta Ingurugiroan, 5,1ekoa berdintasun politiketan eta 5ekoa terrorismoaren kontrako borrokan.

Gainditu ez duten sailak industria eta berrikuntza, nekazaritza eta arrantza, herritarren segurtasuna, zerbitzu sozialak, trafikoa, hizkuntza politika, Justiziaren Administrazioa eta funtzio publikoa, politika ekonomikoa, immigrazioa eta etxebizitza izan dira.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunen zerrenda bat ere osatu dute herritarrei galdetuta. Hori horrela, herritarren arabera ardura nagusia enplegua izan beharko litzateke Jaurlaritzarentzat, eta gero etorriko lirateke politika ekonomikoa, osasuna, etxebizitza, hezkuntza, zerbitzu sozialak eta terrorismoaren kontrako borroka.

Diru publikoaren kudeaketari dagokionez, inkesta egin dutenen % 64k uste du Jaurlaritzak ez duela era eraginkorrean erabili eta % 25ek uste du era eraginkorrean edo oso eraginkorrean erabili duela.

Buruzagi politikoek ez dute gainditu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Aintzane Ezenarro Aralarren legebiltzarkideari diote estimu handiena (4,9) eta bigarren geratu da Patxi Zabaleta (4,6) Aralarren idazkari nagusia. Zerrendan hirugarrena Iñigo Urkullu EAJren presidentea geratu da 4,5ekoarekin eta Patxi Lopez lehendakariak eta Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak 4,3a jaso dute.

Mikel Aranari (EB) eta Pello Urizarri (EA) 4,1ekoa eman diete, Jose Antonio Pastorrek 3,4koa besterik ez du lortu eta azkena geratu da Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea 2,8 punturekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea