Politika -

Eutanasia

Eutanasia legeztatzeko lehen urratsa eman du Diputatuen Kongresuak

Alderdi Popularrak izan ezik, gainerako talde parlamentario guztiek babestu dute PSOEk egindako proposamena.

Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE
Diputatuen Kongresua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eutanasia legeztatzeko lehen urratsa eman du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuak. Proposamena Alderdi Sozialistak egin du eta talde parlamentario guztiek babestu dute, PPk salbu.

Adriana Lastara PSOEren bozeramaileak azaldu duenez, "gaixotasun larriak eta sendaezinak edota sufrimendu handia eragiten duten ezgaitasun kronikoak dituzten pertsonen bizitzak amaitzea, hots, sufrimendua luzatzea ekiditea da lege-proposamen honen helburua".

Etikari, medikuntzari eta legediari lotutako gaiak biltzen ditu ekimenak, duintasunez hiltzeko eskubidea Osasun Zerbitzu Sisteman ezartzen du eta osasun sektoreko profesionalei kontzientzia-eragozpenerako eskubidea aitortzen die.

"Sufrimendua ez den beste aukerarik ez duten eta oinaze horri amaiera eman nahi dioten pertsonen borondatea, askatasuna eta duintasuna errespetatuz aurkezten dugu lege-proposamena. Muturreko kasuak dira, irtenbiderik gabeko kasuak baitira", erantsi du Lastrak.

"Egoera horretan dauden pertsonek euren kabuz erabaki nahi dute noiz eta nola hil gura duten. Haien azken eskubidea da, azkeneko askatasuna, duintasunez hiltzea", azpimarratu du.

PSOEren lege-proposamenaren arabera, bi paziente motari aitortuko zaie eutanasiarako eskubidea: batetik, gaixotasun larriak eta sendaezinak izateagatik zainketa aringarriak behar dituzten pertsonei, eta bestetik, ezgaitasun kroniko larria izan eta sufrimendu jasanezina pairatzen dutenei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Eutanasia Gizartea Albisteak