Politika -

Euskobarometroa

Herritar gehienek mesfidantzaz ikusi dituzte ETAren azken pausoak

Euskal Herriko Unibertsitateak egindako Euskobarometroaren datuak dira. Inkesta honen arabera, herritarrak "baikor" daude indarkeriaren arazoa izaten ari den bilakaerarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarren gehiengoak (% 58) mesfidantzaz ikusi ditu indarkeriarekin bukatzeko ETAk eman dituen azken mugimenduak. Ezker abertzalearen pausuek ere mesfindantza sortu dute herritarren artean (% 53).

Euskal Herriko Unibertsitateak egindako Euskobarometroaren datuak dira. Inkesta honen arabera, herritarrak "baikor" daude indarkeriaren arazoa izaten ari den bilakaerarekin, baina uste dute ETAk eta ezker abertzaleak ez dutela nahikoa egiten.

Hala ere, epe laburrean edo ertainean terrorismoaren bukaera helduko dela uste dute herritarren % 48ek. ETA oso ahul dagoela esan dute gehienek (% 66).

Sei hilean behin egiten du EHUk Euskobarometroa. 1.200 hiritarren iritziak bildu dira, urriaren 18tik azaroak 12ra bitartean. Gehienek, indarkeriaren bilakaera ona izango dela uste dute (%73).

Gehiengo honen aurrean hiritarren % 19ek zalantzak azaldu dituzte eta % 5ek ezkortasuna.

Herritarren gehiengoa (% 56) ETAren aurka agertu da inkestan. Euskobarometroaren egileek azpimarratu dutenez, ETAri babes zuzena ematen diotenak gero eta gutxiago dira (% 0,5), baita ezker abertzaleari botoa eman diotenen artean (% 3).

Euskobarometroaren arabera, indarkeriaren balorazioaren bilakaera baikorra izan da azken urtean. Galdera erantzun duten % 73ak horrela uste du. Indarkeria desagertzeko ETAk emandako urratsak ez dira nahikoak % 72aren iritziz. % 61ek uste dute legez kanpoko ezker abertzaleak ez duela nahikoa egin.

Hala ere, gizartearen kezkarik nagusia langabezia da (% 55), eta % 17ek uste dute desberdintasuna eta ongizatea ere kezkatzeko arrazoiak direla, baita egoera ekonomikoa ere.

Politikarekiko gero eta atxikimendu gutxiagoa dago. Hirutik bat gero eta urrutiago dago politika mundutik, eta hori erakundeenganako konfidantzan islatzen da. Legebiltzarra, Ertzaintza, Europar Batasuna eta Eusko Jaurlaritza 5etik behera daude emandako puntuazioan.

Diputazioek eta buruzagi politikoek ere ez dute azterketa gainditu. Baloraziorik onena Aralarreko Aintzane Ezenarrok dauka.

Alderdien Legea

Alderdien Legearen alde (% 29) eta kontra (% 37) agertu direnen iritziak ere batu ditu Eusko Barometroak. Espainiako Barne Ministerioaren politikarekin bat egin dute hamarretik zazpik (% 69), presoen hurbilketei dagokienez. Kontra agertu direnen artean (% 12) PPri botoa ematen diotenak daude (% 44)

Hala ere, EAEko Herrizaingo Sailak martxan jarritako kanpainak (presoen argazkiak eta kartelak kentzeko neurriak) herritargoa zatitu egin du: % 40 alde agertu dira; kontra, berriz, % 39.

Lopez eta Ibarretxe

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 45ek ez du ezberdintasun handirik atzeman Patxi Lopezen Gobernuak eta Ibarretxeren Gobernuak jarraitutako terrorismoaren aurkako politiketan. Hala ere, egungoak eragin handiagoa daukala uste dute % 29ek.

Jose Luis Rodriguez Zapateroren ETAren aurkako politika ere baloratu dute euskal herritarrek: % 37ek begi onez ikusten dute, % 27ek, berriz, txarra dela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea