Politika -

Brusela

'Sanfermines 78 gogoan!'ek salaketa sartu du Europarlamentuan

Duela 40 urteko jaietako gertakarien "inpunitatea" salatzen dute. Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez gaztea eta beste sei lagun balaz zauritu zituen.

'Sanfermines 78 gogoan!'-en prentsaurrekoa Europako Parlamentuan. Argazkia: Efe
'Sanfermines 78 gogoan!'-en prentsaurrekoa Europako Parlamentuan. Argazkia: Efe
'Sanfermines 78 gogoan!'-en prentsaurrekoa Europako Parlamentuan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Sanfermines 78 gogoan!" herri ekimenak salaketa sartu du Europako Parlamentuaren Eskaera Batzordean duela 40 urteko jaietan izandako gertakarien "inpunitatea" gaitzesteko.

1978ko uztailaren 8ko zezenketan Espainiako Polizia zezen plazan sartu zenean sortu zen liskarra. Sanferminetako zezenketa horretan amnistiaren aldeko pankarta bat jarri zuten, eta Polizia oldartu egin zen, eta istiluek kalean jarraitu zuten. Istilu horietan Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez eta beste sei lagun balaz zauritu zituen.

Fermin Rodriguezek, German zenaren anaiak, Amaia Kowasch eta Sabino Cuadra "Sanfermines 78 gogoan!" ekimenaren ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bruselan kasua jakinarazteko, Izaskun Billbao (EAJ), Miguel Urban (Podemos) eta Ernest Urtasun (Catalunya en Comu) eurodiputatuak aldamenean zituztela.

"Nire anaiaren heriotza oroitu nahi dugu, baina inpunitatearen samintasunik gabe", adierazi du Fermin Rodriguezek.

Salaketa Europako Parlamentura eramanda presioa egin nahi diete gobernuei, kasuaren inpunitatea amai dadin; eta Europako Batzordeari memoria historikoaren arauak urratu ote diren argitzeko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EB Iruñea azken orduko berriak Zer ari da gertatzen Europan? Euskal parlamentariak Sanferminak Iruñean Eguneko albisteak Memoria historikoa albisteak