Politika -

Presoak gerturatzea

Biktimak harrituta, kezkatuta eta suminduta agertu dira presoen hurbilketa dela eta

AVTk Sanchez kritikatu du "lehenik" ETAko presoekin "arduratu" delako, biktimen aurretik. Blancorentzat iraingarria da, eta Pagazaurtunduak izan daitezkeen omenaldiak galarazteko eskatu du.

Biktimen omenez Espainiako Kongresuan egin duten omenaldia. Argazkia: Efe
Biktimen omenez Espainiako Kongresuan egin duten omenaldia. Argazkia: Efe
Biktimen omenez Espainiako Kongresuan egin duten omenaldia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimak harrituta, kezkatuta eta suminduta agertu dira Espainiako Gobernuak ETAko presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbilduko dituela jakin dutenean.

Maite Araluce Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak uste du "kezkagarria" dela Pedro Sanchez Espainiako presidentea "lehenik" ETAko presoekin "arduratzea", biktimekin baino lehenago.

"Egia esan, jokoz kanpo harrapatu gaitu", aitortu du Aralucek Kongresuen biktimen omenez egin duten omenalditik atera denean.

Aralucek bilera eskatu du Sanchezekin hurbilketaren nondik norakoak azal diezazkion, eta argitu du biktimak ez direla "mendeku gose", eta ez dutela nahi presoek duten zigorra baino egun bat gehiago betetzea, baina ezta zigorra arintzea ere.

Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak gogor jo du Espainiako Gobernuaren aurka.

"Zaila da ulertzen batzuek onurez hitz egiteko duten presa, biktimei duintasuna emango dien kontaketa sustatzearen gainetik", azpimarratu du Blancok Kongresuan eman duen hitzaldian.

Blancok "umiliagarri" eta "iraingarri" jo du legeditik kanpo presoekin "elkar hartzea", ez zaielako "ezer ere" zor eta, ondorioz, biktimek ez dutelako "bidezidorrik" onartuko.

Maite Pagazaurtundua UPyDren eurodiputatu eta Joseba Pagazaurtundua ETAk hildako udaltzainburuaren arrebak eskaera egin dio Sanchezi presoak hurbiltzen hasi aurretik: ezker abertzaleari "marra gorriak berriro jartzeko". Horren harira, "ETAri eskerrak emateko ekitaldiak" eta presoen harrerak galaraztea exijitu du. Gainera, presoen gizarteratzea eta kartzela onurak legediaren arabera egin behar direla azpimarratu du.

Consuelo Ordoñez Coviteren presidenteak esan du ez dagoela ETAko presoak gerturatzearen aurka, beti ere legea betetzen badute eta ETA errefusatzen badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia bideoak Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Terrorismoaren Biktimak