Politika -
Euskadira bisita
Rubalcaba lehendakariarekin eta enpresaburuekin bilduko da gaur
Barne ministroak EAEn dauden Estatuko Segurtasun Indarretako buruzagiekin eta Rodolfo Ares sailburuarekin ere elkartzeko asmoa du.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteordea eta Barne ministroa Patxi Lopez lehendakariarekin bilduko da gaur, baita euskal enpresariekin ere.
Euskadira egingo duen bisitan, EAEn dauden Estatuko Segurtasun Indarretako arduradunekin eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin ere bilduko da, Lehendakaritzako iturriek jakitera emandakoaren arabera.
Lehenengo bilerak goizean izango ditu Rubalcabak. Orduan Polizia Nazionala eta Guardia Zibileko agintariekin izango da eta, ondoren, Euskal Enpresarien Elkarteak antolatutako bazkarira joango da.
Patxi Lopez eta Aresekin, bilerak
Arratsaldean, lehendakariarekin bilduko da Leioako Artaza Jauregian. Horren ostean, Herrizaingo Saileko arduradun nagusiekin bilduko da, Rodolfo Ares sailburua barne.
Bilera horretan gai ezberdinak jorratuko dituzte; terrorismoaren aurkako borroka, egoera ekonomikoa eta bi gobernuen arteko harremanak, besteak beste.