Politika -
Urtearen balantzea
PSErentzat ETAk galdu egin duela da garrantzitsuena, ez balizko agiria
Jose Antonio Pastor euskal sozialisten Legebiltzarreko bozeramaileak datorrena "bakearen urtea" izatea espero du, baina "zuhurtzia" eskatu die politikariei.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak uste du garrantzitsuena ez dela "ETAren balizko agiria", baizik eta gaur egun "galdu egin duela sozialki eta politikoki".
Buruzagi sozialistak 2010aren balantzea egin du politikaren ikuspuntutik, eta 2011rako asmoen berri ere eman du.
Datorrena "bakearen urtea" izatea espero du, baina "zuhurtzia" eskatu die ordezkari politikoei indarkeriaren amaierari buruz hitz egiten dutenean. ETAk "badaki zer egin behar duen, badaki sistema demokratikoaren kontrako gerra kriminalak porrot egin duela".
Haren iritziz, ez du galdu "Eusko Legebiltzarrean, indar nazionalisten bilgunea indartzeko, ETAren bozeramaileen hutsunea nabaritzen dutenen eraginez", baizik eta, besteak beste, "Alderdien Legearen eta Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan, gauzatutako politika irmoaren eta ''zero'' tolerantziaren ondorio".
Pastorrek nabarmendu duenez, "ETAk atzera egitea eta ezker abertzaleak diskurtsoa aldatzea", "hein handi batean", Eusko Jaurlaritzak egindakoaren ondorio dira eta, aitzitik, ez dira "lehen egunetik hura deslegitimatu zutenen lanaren" eraginez iritsi.