Politika -

'WSJ'ren elkarrizketa Otegiri

Mendia: 'Otegiren hitzek ez dute ekarpenik egiten; egintzen unea da'

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du ETAk "onartu" egin beharko duela euskal gizarteak espero duen "agiri" bakarra "indarkeria uztea" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Arnaldo Otegik ETAren balizko amaieraz egindako adierazpenek ez dutela "ekarpenik" egiten, eta orain "egintzen garaia" dela.

Gobernu bileraren ostean egindako agerraldian, Mendiak hizpide hartu du Batasuneko bozeramaileari The Wall Street Journal egunkari estatubatuarrak egindako elkarrizketa. Horretan, ETA indarkeria uzteko eta "estrategia baketsu batean" parte hartzeko prest dagoela esan du Otegik.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du hitz horiek ez dutela "ezer berririk".

Mendiak agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak ere antzeko jarrera agertu du, eta "izugarrikerien hamarkadak" ez direla "bizpahiru agirirekin amaituko" ohartarazi du.

Horren ildotik, Idoia Mendiak iritzi dio "egin behar dena" zera dela, "ETAk behingoz onartzea euskal gizarteak espero duen agiri bakarra indarkeria uztea dela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea