Politika -
Madrilen
Zapaterok agerraldia egingo du gaur, urteko balantzea egiteko
Krisia, ETA, 2011ko hauteskundeak edo Auzitegi Konstituzionalaren birmoldaketa izango dira Zapaterok jorratuko dituen gai nagusiak.
Erredakzioa
Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidenteak agerraldi berezia egingo du gaur, Ministroen Bilera bukatzean, 2010. urteko balantzea egiteko. Krisiaz eta krisi egoeratik ateratzeko helburuarekin hartutako neurri ezberdinez arituko da Zapatero.
Aurreko legealdian agindu bezala, urtean bi agerraldi egiten ditu Zapaterok egoera politikoaren eta ekonomikoaren inguruko balantzea egiteko (ekainean eta abenduan egiten ditu).
Ohi den moduan, 2011ri begira aurreikuspenak ere egingo ditu Zapaterok. Besteak beste, maiatzaren 22an egingo diren udal eta foru hauteskundeak aipatuko ditu Espainiako presidenteak.
Horrez gain, 2012ko hauteskundeetan PSOEren hautagai nagusia izango den edo ez argitu dezake Zapaterok biharko prentsaurrekoan.
Gobernuko iturriek azaldu dutenez, aurreikusitako erreformekin aurrera egiteko bere intentzioa berretsiko du Zapaterok bihar, tartean pentsio sistemaren erreformarekin (Ministroen Bilerak urtarrilaren 28an onartuko du).
‘Sinde’ legea, datorren urteko hauteskundeak, ETAren balizko agiria edota Auzitegi Konstituzionalaren berrantolaketa izan daitezke Zapaterok jorratuko dituen beste gai batzuk.