Politika -
Aurreikuspenak
2011n albiste izango dena
Erreforma ekonomikoak urte hasieran, foru eta udal hauteskundeak maiatzean, erabakiak ETAren eta ezker abertzalearen inguruan...
Erredakzioa
Pentsioen erreforma izango da 2011ko lehenengo albiste potoloa, udal eta foru hauteskundeak izango ditugun urtean. Era berean, 2012ko hauteskunde orokorretan hautagai sozialista nor izango den jakingo dugu, ezker abertzaleak bozetan parte hartuko duen eta indarkeria amaituko ote den.
Gobernuak dagoeneko iragarri du urtarrilaren 28an pentsioen erreformarako lege proiektua onartuko duela eta bertan erretiro adina atzeratzea espero da. Horrek gizartearen erantzuna ekar dezake eta, gainera, ikusteke dago merkatuaren eskariari erantzuteko adinakoa izango ote den neurri polemikoa.
Autonomia Erkidegoak eta aurrezki kutxak ere protagonista izango dira ekonomia alorrean, ekonomia adituek arrisku elementuak direla diote eta.
Aurreikuspenek diote ekonomia hazten hasi behar dela 2011n, baina langabezia-tasa Europako altuenetakoa izango dela ere esaten dute.
Bestalde, egutegi politikoak data bat du azpimarratuta: maiatzaren 22an udal eta foru hauteskundeak izango dira.
Hauteskunde horietan gertatzen denak pisu handia izango du Zapateroren presidente izateko hautagaitzarako erabakian.
Oraingoz, Alfredo Perez Rubalcabak hasiko du urtea Gobernuko gizon indartsu gisa eta bera izan daiteke Zapateroren ordezkoa Mariano Rajoy faborito izango den hauteskundeetarako.
Ezker abertzalearen helburu ere badira maiatzeko hauteskundeak, izan ere, Gobernuak dio bozetan parte hartu ahal izateko egoera asko aldatu beharko litzatekeela, baina ordurako ETAk erabakiak hartuko dituela espero da.
Ezker abertzalearekin lotuta, zita garrantzitsuak daude epaitegietan: urtarrilean Arnaldo Otegi eta Batasuneko beste kide batzuk epaituko dituzte eta udaberrian "herriko tabernen auzia" deiturikoa epaituko dute.
Epaitegietan bertan, Baltasar Garzonen epaiketaren urtea izango da 2011. Hiru auzibide daude irekita haren kontra eta akusatuen eserlekuan eseriko da lehenengo aldiz frankismoko gerra krimenak ikertzeko eskumena eman ziolako bere buruari.
Telebistan denbora asko agertuko den beste pertsonaietako bat Benedikto XVI.a izango da, izan ere, iaz Santiago eta Bartzelona bisitatu ostean, aurten Madrilen izango da abuztuan gaztediaren jardunaldietan.
Bestalde, urtarrilaren 2tik aurrera, erretzaileek ezin izango dute zigarroetaz gozatu leku publiko itxietan.