Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zabaleta: 'Batasunak ez du eman NaBain sartzeko pausoa'
Patxi Zabaletak ohartarazi du Aralarrek ez duela "betorik" onartuko koalizio barruan zein kanpoan dauden alderdien partetik.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak gogorarazi du Batasunak ez duela egin "Nafarroa Bain sartzeko urratsa", eta inoiz emango balu, "erabakia" hartu beharko luketela.
Nolanahi ere, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Zabaletak berretsi du ez dutela betorik onartuko koalizio barruan zein kanpoan dauden alderdien partetik, eta Aralarren apustu irmoa NaBai dela nabarmendu du.
Zabaletaren esanetan, inkestek adierazten dute Nafarroa Bai "gero eta inportanteagoa" dela, eta UPNrekin Nafarroako lehen indarra izateko lehian daudela.
Erantzuna lehendakariari
Bestalde, buruzagi abertzalea Patxi Lopez lehendakariari zuzendu zaio, eta egungo egoera politikoan alderdien batasuna "Gernikako Akordioa oinarri" eman beharko litzatekeela esan dio.
Izan ere, Zabaletak nabarmendu du txosten hori "edozen demokratak" sina lezakeela, eta "normalizazio politikoa lortzeko ''ibilbide orria''" dela.