Politika -

Bidaia ofiziala

Euskadik, Galesek eta beste 5 eskualdek euren papera sendotzea eskatu diote Europari

Gales, Euskadi, Brusela hiriburua, Flandria, Nafarroa, Piemonte eta Salzburgok Europako Batzordeari “errealitate nazional bereziak” diren eskualdeen eginkizuna sendotzeko proposamena egin diote.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Carwyn Jones Galeseko ministro nagusia. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Carwyn Jones Galeseko ministro nagusia. Argazkia: EFE
Euskadik Gales gehitu du munduko eskualde liderrekin osatu duen aliantzara

0:32

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galesek, Euskadik, Brusela hiriburuak, Flandriak (Belgika), Nafarroak, Piemontek (Italia) eta Salzburgok (Austria) Europako Batzordeari “legegintzarako eskumenak eta errealitate nazional bereziak” dituzten eskualdeen eginkizuna sendotzeko proposamen formala egin diote.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, zazpi gobernuek Europako Batzordeari eskatu diote “maila anitzeko gobernamendu-eredua errealitate eraginkor bilakatzeko beharrezko erabakiak hartzeko”.

Zehazki, lehendakariak proposatu du Maila anitzeko gobernamenduari buruzko Konbentzioa abiaraztea, Europako Konbentzioaren subsidiariotasuneko lantaldeak aurreratutako emaitzei helduko diena; zehazki, Eskualde Elkartuaren irudiari buruzko Lammassoure txostenari. Ideia hori jaso zen aurtengo martxoan aurkeztu zen Europari buruzko Ikuspegiaren dokumentuan.

Galesera egindako bigarren bisita ofizialaren jardunaldian, Iñigo Urkullu lehendakaria Carwyn Jones ministro nagusiarekin batu da, eta lankidetza memoranduma sinatu dute.

Galesek bat egin du, horrela, Euskadi “munduko eskualde liderrekin” garatzen ari den Aliantza Estrategikoen Sarearekin. Akordioaren bidez, bi aldeen helburua da zenbait gairen inguruko alde biko harremanetan sakontzea: garraioaren azpiegiturak, berrikuntza, itsas energiak, nekazaritzako elikagaien industria, prestakuntza, zerga-politika, gizarte-politikak eta klima-aldaketaren aurkako borroka.

GALES URKULLU EFE

Iñgo Urkullu lehendakaria eta Elin Jones Galeseko Biltzarreko presidentea. Argazkia: EFE

Cardiffen, Galesko Biltzarraren egoitzan egindako topaketan, lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izan dira. Bilera amaitu ondoren, ministro nagusiak eta lehendakariak akordioa sinatu dute. Lehendakariak azken urteotan zehazten joan den “lankidetza egituratzen duen itun honen balioa” nabarmendu du.

Lehendakariak esan du, Brexitaren ondoriozko erronka eta ziurgabetasunak gorabehera, irekitzen diren aukera berriak aztertu behar direla.

Gales lehentasunezko bazkide gisa dago identifikatuta Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategian. Hala katalogatu da, geografikoki hurbil dagoelako, sektore anitzeko loturengatik eta identitate handiko lurraldea delako.

Akordio honen bidez, Gales Euskadiko Aliantza Estrategikoen Sarean sartuko da. Sareak, gaur egun arte, mundu mailan 7 kide ditu: Quebec (Kanada), Akitania Berria (Frantzia), Bavaria (Alemania), Flandria (Belgika), Queretaro (Mexiko), Jiangtsu (Txina) eta Cundinamarca (Kolonbia).

Gales nazioak 3,1 milioi biztanle eta 20.782 km koadro ditu. Galeseko estrategia nazionalak bere gobernuak zehaztutako ongizatea lortzeko dituen lehentasunak honako hauek dira, besteak beste: industria, berrikuntza, mugikortasuneko eta garraioko azpiegiturak, gizarte-politikak eta familia-kontziliazioko politikak eta fiskalitatea.

Azken arlo hori dela eta, Ogasun Ministerioa (2016an sortu zen) hasi da bere zergak biltzen, 2018ko apirilean, eta Galesek erakutsi du interesa duela Euskadiko Ekonomia Itunaren kudeaketa eta funtzionamendua ezagutzeko.

Ministro nagusiarekin batu eta akordioa sinatu aurretik, lehendakariak topaketa izan du Elin Jones Galesko Biltzarreko presidentearekin; berak gidatu du ordezkaritza Biltzarraren eraikinetik eta berak azaldu dizkie ganberaren funtzionamendua eta haren arkitekturaren ezaugarriak.

Azkenik, lehendakariak lan-bilera izan du Biltzarreko alderdietako kideekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Erresuma Batua Albisteak Brexita