Politika -
Gabonetako mezua
Mas: 'Kataluniak autogobernu gehiago nahi eta askatasuna maite du'
Generalitateko presidentearen ahotan, Kataluniako errealitate nazionalaren mehatxuei aurre egitea berebizikoa da, "bere nortasun kolektiboa onartzen ez dutelako".
Erredakzioa
Kataluniak autogobernu handiagoa nahi izatea defendatu du Artur Mas Generalitateko presidenteak Gabonetako mezuan, "askatasuna maite duelako". Era berean, tratu fiskal justuagoa bat aldarrikatu eta Kataluniako nortasunarentzako errespetua eskatu du Masek.
Hitzaldia Generalitateko Jauregian grabatzeko ohitura berreskuratu du Masek, konkretuki, Montserrateko Mare de Deu aretoan. Generalitateko presidentearen hitzetan, areto hori autogobernuaren eta Kataluniako existentziaren "sinbolo nagusietako" bat da.
Masen ahotan, Kataluniako errealitate nazionala mehatxatzen duten agenteei aurre egitea berebizikoa da, "bere nortasun kolektiboa, hizkuntza eta kultura onartu gabe jarraitzen dutelako. Gainera, behin baino gehiagotan eraso egin diete".
Generalitateko presidentearen arabera, autogobernu gehiago eskatzea pribilegio gisa ikusten du Estatuak, tratu fiskal justuago bat eskatzeagatik elkartasunik ez izatea leporatzen diote Kataluniari, eta hizkuntza eta kultura defendatzeagatik Kataluniak ateak ixten dituela argudiatzen da, "probintziako pentsamoldea izango balu bezala".