Politika -
IRUÑEA
Fiskaltzak Ahotsa.info-ren aurkako ikerketa abiatu du, terrorismoa goratzea egotzita
EPPKko kideak 'preso politiko' izendatzeagatik hasi du ikerketa Auzitegi Nazionalak. Ahotsa.info-ko kide bat komisaldegira deitu dute, baina deklaratzeari uko egin ostean, aske gelditu da.
EITB.EUS
Ahotsa.info atariko kide bat deklaratzera deitu dute gaur goizean Espainiako Poliziaren Iruñeko egoitzara, terrorismoa goratzea egotzita. Deklaratzeari uko egin ostean, ordea, aske gelditu da.
Hedabideak ohar bidez azaldu duenez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Ahotsa.info-ren aurkako ikerketa abiatu du, 2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an argitaratutako bi albisterengatik.
Albiste horietan "euskal preso politikoak" deitzen zitzaien Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideei. Hedabideak salatu dutenez, "Hori da oraingo honetan Ahotsa.info komunikabidea erasotzeko erabili duten aitzakia".
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak, bere aldetik, zitazioa baieztatu du, baina ez du bestelako xehetasunik eman.