Politika -
Gipuzkoan
Bi lagun atxilotu dituzte edukiontziak gurutzatzeagatik, Villabonan
Gainera, Seguran bost kontainer erre dituzte eta garrek turismo bat kaltetu dute.
Erredakzioa
24 eta 26 urteko bi lagun atxilotu dituzte gaur goizaldean Villabonan (Gipuzkoa), errepide erdian edukiontziak jartzeagatik. Gainera, Seguran bost kontainer erre dituzte bart, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Goizaldeko hiruak aldera edukiontziak jarri dituzte Villabonako Berria kaletik pasatzen den errepidearen erdian eta Ertzaintzak kendu egin behar izan ditu. Hogei minutu geroago, berriro gurutzatu dituzte.
Hori horrela, Ertzaintzak 24 eta 26 urteko bi gizonezko atzeman ditu desordena publikoak egitea leporatuta. Bati agenteen kontrako atentatua egozten diote polizietako bati jotzen saiatu delako.
Kontainerrak erreta, Seguran
Bestalde, gaur goizaldeko lauak aldera, bost kontainer erre dituzte Seguran (Gipuzkoa). Suaren eraginez auto bat kaltetuta geratu da.
Suhiltzaileek itzali behar izan dute sua. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta ez dute hipotesirik baztertzen.