Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Zabaleta: 'Tabakoaren salaketak lehenengo egunetik bideratuko ditugu'
ETAk kaleratu dezakeen iragarpenaren inguruan, Gemma Zabaletaren ustez iragarpen hori "bikaina litzateke % 100ean" armak behin betiko uztea ekarriko balu.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak debekatutako lekuetan erretzeagatik egindako salaketak igandetik aurrera bideratuko direla adierazi du, nahiz eta euskal legea otsailera arte onartu ez. Lege hori, gainera, Estatukoa baino murriztaileagoa izango da.
Igandetik aurrera, erretzea debekatuta izango da erabilera publikoa duten esparru pribatuetan. Horrela adierazten du Estatuko Aldizkari Ofizialean publikatutako Tabakoaren Kontrako Legeak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, espedienteak "lehenengo egunetik" bideratuko direla azpimarratu du Zabaletak: "Euskal legea onartu bitartean, Eusko Jaurlaritzak Interneten bidez, telefonoz edo erreklamazio orrien egindako salaketa guztiak bideratuko ditu."
ETAren komunikatua
ETAk kaleratu dezakeen iragarpenari dagokionez, sailburuak komunitatua "% 100ean bikaina" izan daitekeela adierazi du, iragarpen horrek armak behin betiko uztea ekartzen badu.
Zabaletak iragarpena "zuhurtziaz" espero duela onartu du. "Ikus dezagun ea zer gertatzen den, baina, aurretik esan bésala gertatzen bada, entzun dezakegun albisterik onena izango da", azaldu du.