Politika -

AKORDIOA

Espainiako Gobernuak kendu egingo du polizia-abusuen legeari jarritako helegitea

Gainera, Sanchezen Gobernuak ez du helegiterik aurkeztuko Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuen aurka. Bestalde, eskumenen transferentziaz hitz egiteko batzorde mistoa irailean batzartuko da.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko bitariko batzordeak akordioa lortu zuen atzo eta, horren arabera, Sanchezen Gobernuak erretiratu egingo du Rajoyren Gobernuak polizia gehiegikerien biktimen legeari aurkeztutako helegitea. Horrez gain, ez du helegiterik aurkeztuko aurtengo Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurka, aurreko Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera joko zuela iragarri bazuen ere.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaurko gobernu bileraren osteko agerraldian iragarri duenez, atzo bitariko batzordea elkartu zen Madrilen, besteak beste, Auzitegi Konstituzionaleko helegiteez eta Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentziez hitz egiteko.

Erkorekak azaldu duenez, polizia gehiegikerien biktimen legearen aurkako helegitea erretiratzearen truke Jaurlaritzak zenbait moldaketa egingo ditu bi kontu argi uzteko: legearen helburu bakarra biktima horien aitortza eta erreparazioa dela eta ez giza eskubideen urraketa horien egileak identifikatzea.

Polizia gehiegikerien legearen aurkako helegitea erretiratzeko ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuak auzitegietara ez eramatea adostu dute bi gobernuek.

Aldaketa horri esker, Urkulluren Gobernuak "erabateko segurtasun juridikoz" soldata igo ahal izango die administrazioko langileei. Neurriak atzeraeraginezko izaera izango du urtarrilaren 1etik aurrera.

Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, lorturiko akordioa "ona" da.

Bestalde, eskumenen transferentziaz hitz egiteko batzorde mistoa irailean batzartuko da. Mahai gainean eskumen hauek izango dituzte hizpide: bi tren linea, AP-68 eta AP-1 autobideak eta Pasaiako portua.

Bestalde, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ukatu egin du polizia gehiegikerien legeak "gatazkaren teoria elikatuko" duenik. Alderantziz, gai hori esparru administratiboan soilik jorratuko dela zehaztu du.

Legea 2016a onartu bazen ere, oraindik polizia gehiegikerien biktimak aintzat hartu ezin izana deitoratu du. "Biktima guztiak berdinak dira justifikatu ezin den mina sufritu dutelako; kaltea eragin duen arrazoi politikoa da biktima bat bestearengandik ezberdintzen duena, eta hori kaltegilearen helburuarekin lotuta dago", azpimarratu du.

"ETAren kasuan, proiektu totalitario bat ezartzea zen bere helburua; polizia gehiegikerien helburua, berriz, legez kanpoko bitartekoen bidez terrorismoaren amaiera lortzea", erantsi du.

Halaber, Poliziaren biktimak ETAren biktimekin parekatu ezin daitezkeela legeak argi eta garbi jasotzen duela azaldu Lozak.

Amaitzeko, Estatuko Segurtasun Indarren "lana eta sakrifizioa" goraipatu ditu, "ETA garaitzeko ezinbestekoak izan direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Espainia bideoak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Gerra Zibileko biktimak Polizia abusuen kasuak