Politika -

Topasko (Salamanca) kartzela

'Santi Potros' espetxetik aterako da abuztuaren 5ean

ETAko kide historikoak 30 urte eman ditu preso; ondorioz, gehienezko espetxealdia bete du. Topasko (Salamanca) kartzelan dago egun.

Santiago Arrospide Sarasola, 'Santi Potros', ETAko kide historikoa. Artxiboko irudia : EiTB
Santiago Arrospide Sarasola, 'Santi Potros', ETAko kide historikoa. Artxiboko irudia : EiTB
Santiago Arrospide Sarasola, 'Santi Potros', ETAko kide historikoa. Artxiboko irudia : EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Arrospide Sarasola, Santi Potros, ETAko kide historikoa aske geratuko da abuztuaren 5ean, 30 urte espetxean eman ondoren; ondorioz, gehienezko espetxealdia bete du. Bestak beste, Bartzelonako Hipercor eta Madrilgo Dominikar Errepublika plazako erasoengatik zigortu zuten.

Iturri juridikoek zehaztu dutenez, hamar egun barru zigorra behin betiko bukatutzat emango diote, abuztuaren 5ean, hain zuzen ere. 13 urte eman ditu Frantziako espetxeetan, eta 2000ko abenduaz geroztik Espainiako kartzeletan preso egon da.

Topasko (Salamanca) espetxean preso dago egun.

Santi Potros (Lasarte, Gipuzkoa, 1948) 1968an sartu zen ETAn, eta zortzi urte geroago ETA politiko-militarreko Bereziak taldeko kide zen.

1987an atxilotu zuten Angelun. Espainian 11 bider zigortu zuten, ia 3.000 urteko espetxe-zigorra ezarriz, 40 bat hilketa egotzi ondoren, besteak beste, Bartzelonako Hipercor sarraskiaren 21 hildakoak eta Madrilgo Dominikar Errepublika plazan hildako 12 guardia zibilak. 790 eta 1.920 urteko kartzela-zigorrak ezarri zizkioten, hurrenez hurren.

2006ko abenduaren 30ean, Barajaseko aireportuaren T-4n lehergailua zartaraziz ETAk su-etena hautsi izana kritikatu zuen Santi Potros-ek.

Lapurdin atxilotu zutenetik 13 urte eman ditu Frantziako kartzeletan, 2000ko abenduan Espainiaratu zuten arte. Bi urte geroago lehen zigorra ezarri zioten, 99 urte 1987an, Madrilen, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko egoitzaren aurkako erasoa planifikatzeagatik.

Espainiaratu zutenetik zigorra Andaluziako espetxeetan bete du Santi Potros-ek, 2009an Zuerako (Zaragoza) kartzelara lekualdatu zuten arte; eta zazpi urte geroago Topasera (Salamanca) eraman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak ETA Albisteak Espetxe politika