Politika -
Su-etena
Urkullu: 'Desagertzea da ETAk egin behar duen ahalegin bakarra'
Iñigo Urkulluk agerraldia egin du Sabin Etxean, ETAren azken agiria baloratzeko. Urkulluren hitzetan, "ETA ez da galdu behar Brusela eta Gernika arteko bidean".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidentearen hitzetan, desagertzea da ETAk egin behar duen ahalegin bakarra; ildo horretan, "Brusela eta Gernika arteko bidean ez galtzeko", eta, ETAren bukaera espero duen "gizarteari gardentasunez" erantzuteko eskatu dio.
Urkulluk Sabin Etxean egin du agerraldia ETAk gaur aurkeztutako agiriari erantzuteko.
Jeltzalearen hitzetan, bere alderdia ez da ETAko agiriaren "interpretazioa gehiagotan nahastuko". Bestalde, "bide politiko eta demokratiko hutsen" aldeko apustu "kontsekuenteak" ETAren desagerpena, eta hauteskundeetara aurkezteko "baldintzak betetzen" dituzten alderdi guztien legalizazioa eskatzen du.
Urkulluren ustez, "bakerako bidea urratsez urrats egin beharreko bidea da eta bake horretara hurbiltzen gaituzten pausu guztiak baloratu egin behar ditugu. EAJren ustez, Euskadin eta Estatuan bizi ditugun itxaropen eta egonkortasun garaiak aprobetxatu behar ditugu, eta politika eta demokraziaren bidetik, bortxakeriari eta giza eskubideen urraketei amaiera eman behar diogu".