Politika -
Su-etena
Pastor: 'Garaituta dagoela eta zereginik ez duela daki ETAk'
Bere agirian "garrantzitsuena" ez duela iragarri nabarmendu du Jose Antonio Pastorrek, hau da, "behin betiko desagertu egingo dela".
Erredakzioa
ETAren agiria nahikoa ez dela berretsi du Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak. Bere hitzetan, Zuzenbide Estatuak “behartuta” iragarri du talde armatuak bere azken agiria. "Garaituta dagoela eta zereginik ez duela daki ETAk", Pastorren ustez.
Bilbon egindako agerraldian Pastorrek esan du ETAk ez duela “garrantzitsuena” iragarri, hau da, “behin betiko desagertu egingo dela”. Hala ere, su-eten batek “lasaitasuna” dakarrela onartu du Pastorrek.
“Ez dutela hilko, hilko dutela baino albiste hobeagoa da”, gaineratu du sozialistak. Hala ere, erabaki politikoek ETAren pauso hau ekarri dutela nabarmendu du Pastorrek. “Emaitza onak eman dituzte”.
”Baldintzarik” ez dutela onartuko esan dio Pastorrek ETAri, “hiltzen uzteagatik ordainketa politikorik ez zaielako egin behar”. Ezker abertzaleak aurkeztuko duen alderdi berriari buruz, epaileek azken hitza esan beharko dutela azpimarratu du PSEko ordezkariak. Gobernu ezberdinek eta alderdi politikoek Batasuna legeztatzeko ahalmenik ez daukatela gogoratu du.