Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aralarrek ohartarazi du ez dela 'atzera bueltarik gabeko' su-etena
Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak uste du agiriak "argitu gabeko zalantzak" uzten dituela eta ETAri eskatu dio "bizitzeko eskubidea" ez lotzeko "prozesu politikoarekin".
Erredakzioa
Aintzane Ezenarro Aralarren legebiltzarkideak azpimarratu du ETAk ez duela "atzera bueltarik gabeko" su-etena aldarrikatu.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Ezenarrok azaldu duenez, agiriak "argitu gabeko zalantzak" uzten ditu eta ETAri eskatu dio "bizitzeko eskubidea" ez lotzeko "prozesu politikoarekin".
Gainera, "bermeak" eskatu ditu su-etena betiko izan dadin, 2006koaren antza duelako, "eta hura badakigu nola amaitu zen".
Era berean, azpimarratu du agiriak ez diola erantzuten "Gernikako Adierazpenean eskatutakoari, Batasunak bere egin duen bidea jarrai dezala alegia, alde bakarreko erabakia har dezala".
"Indarkeriarik gabeko testuinguruaren aldeko apustua egin behar dugu, ez alde askoko prozesu baten barruan gaudelako: ordainik jaso gabe, etab. Gainera, ETAren agiriaren azken paragrafoan prozesu politikoaren gidari izateko asmoa agertzen du, ohi duen legez", Ezenarroren arabera.