Politika -
Bizikidetzarako hezkuntza
Terrorismoaren 14 biktimaren testigantzak, EAEko eskoletan
Isabel Celaak indarkeriaren biktima izan direnen testigantzak eskoletan lantzeko ikasmaterialak aurkeztu ditu, bizikidetza planaren barruan.
Erredakzioa
Terrorismoaren 14 biktimak euren testigantza aurrez aurre aurkeztu ahal izango dizkiete EAEko Bigarren Hezkuntzako ikasleei, ikastetxeek eskatzen baldin badute. Hizlariok ideologia askotakoak dira.
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak ikasmaterial hori aurkeztu die ikastetxeei, Bilbon. Ekitaldian, besteak beste, Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendaria eta Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendaria izan dira.
Celaaren hitzetan, ikasleek "biktimen sufrimenduarekin enpatia handiagoa izatea, bortizkeria gaitzestea eta terrorismoa zilegitzat ez hartzea" du helburu ikasmaterial berriak.
Materiala Eskola Bakegunearen webgunean dago, denon eskura; 700 errekurtso bibliografiko eta biktimek grabatutako ehun testigantza baino gehiago jasotzen ditu.
"Biktimen testigantza erabiliz, herritarren baloreekin errespetua erakusten duen eta giza eskubideen urraketen aurka irmo jokatzen duen bake-bizikidetza irudikatuko da gure ikasleen buruetan", Celaaren esanetan.
Ildo horretan, "testigantzetako sufrimendu, kontaketa eta izen berezi bakoitza biktima guztien ordezkari izango da", adierazi du.