Politika -

Auzitegi Nazionala

Kale borrokagaitik epaitu zituzten 14 lagun absolbitu dituzte

4 eta 12 urte arteko kartzela zigorra eskatu zituen fiskalak auzipetuentzat, talde terroristaren kideak izatea edota talde terroristari laguntza ematea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustez ''kale borroka''rekin zerikusia zuten 14 pertsona absolbitu ditu gaur Auzitegi Nazionalak, Donostian gertatu ziren ekintza horietan auzipetuen partehartzea ezin izan dutelako probatu. 4 eta 12 urte arteko kartzela zigorra eskatu zituen fiskalak auzipetuentzat, talde terroristaren kideak izatea edota talde terroristari laguntza ematea leporatuta.

Epaiaren arabera, auzipetuak "talde antolatu eta egonkor bateko kideak zirenik" ezin izan dute probatu.

Fiskalak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuen Aitor Abanda Pagola eta Ibon Toledo Portu ''Herria'' tabernako langileentzat. Antza, taberna horretan molotov koktelak egiteko materiala aurkitu zuen poliziak.

Horrez gain, sei urteko zigorra eskatu zuen Jose Antonio Astirraga, Aitor Domezain, Gorka Iruretagoyena, Garakoitz Mendizabal, Lartaun Rodríguez eta Beñat Echartentzat.

''Kale borroka'' ekintzetan parte hartu zutenik ezin izan dute probatu, epaitegiaren arabera.

''Herria'' elkarteko zuzendaritza taldeko Miren Agurtzane Zubiaurre, Francisco Gabriel Isasa, José Ángel Catalán, Josetxo Ibazeta, Francisco de Asís Rodríguez eta Fernando Bert Arretxea ere absolbitu ditu Auzitegi Nazionalak. Fiskalak bi urteko kartzela eskatu zuen.

14 auzipetuen aurkako epaiketa nahasia izan zen. Izan ere, Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen, Guevara epailearen eta defentsaren abokatuaren arteko eztabaida baten ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea