Politika -
Erasoa Cornellan
Mossoen aurkako salaketa jartzea aztertuko dute Cornellako erasotzailearen senideek
Halaber, gertakariak terrorismoarekin zerikusirik ez duela azpimarratu du familiak. Fiskaltzak uste du erasotzailearen zioa pertsonala zela.
Agentziak | Erredakzioa
Cornella de Llobregaten (Bartzelona) polizia-etxe baten kontra eraso egin zuen gizonaren senideek Equadra Mossoen aurkako salaketa jartzea aztertuko dute, mossoen ustezko arduragabekeria dela eta, familiaren abokatuak asteartean jakinarazi duenez. Halaber, kasua Auzitegi Nazionalean aztertu ordez Cornellako epaitegietan ikertzea eskatuko dute, erasotzaileari bere buruaz beste egitera bultzatu zioten arrazoiek terrorismoarekin lotura ez duela iritzita.
Familiaren abokatu David Martinezek erasoaren inguruan irekitako auzian akusazio partikular bezala sartzeko asmoa duela esan du. Hildakoa kudeaketa arduragabe baten biktima izan zitekeela uste du abokatuak.
David Martinezen arabera, erasoak ez du terrorismoarekin zerikusirik, zantzu guztien arabera motibazio pertsonalengatik egin zuelako. Hildakoak bere buruaz beste egiteko asmoa zuela emazte ohiari esan zion, “musulmana eta homosexuala izatearen kontraesanek eraginda”.
Oraindik abokatuak sekretupean dagoen auzira sarbiderik izan ez duen arren, polizien erantzuna arduragabea izan zela uste du, ez zutelako bilatu erasoa neutralizatzeko beste modurik, erasotzailea hil gabe.
Polizia agente bati oldartu zitzaion, labana bat eskuan eta Alaren izena oihukatuz. Horrek tiroz hil zuen. Erasoaren bidez, ustez, gizonak bere buruaz beste egitea nahi zuen, “komunitate islamiarrean homosexuala izatearen presioa ez zuelako jasaten”.
Mossoen erantzuna “neurrikoa” izan zen
Beste alde batetik, Andreu Joan Martinez Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak ziurtatu duenez, “larritasun handiko egoeraren aurrean, mossoen erantzuna neurrikoa eta egokia izan zen”.
Ildo horretatik, erasotzaileren bizitzarekin amaitu izanagatik atsekabea agertu du Martinezek astearte goizean egindako agerraldian, baina mossoen portaera egokia izan zela berretsi du: “Modu horretan bakarrik saihestu zitekeen kalte handiagoak”.
“Senideek gurekin hitz egiteko aukera dute. Dena dela, hasieratik harremanetan egon gara haiekin”, esan du Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak, eta senideek mossoen aurkako salaketa jartzea erabakiko balute, haien eskubidea izanik erabaki hori ulertuko lukeela gaineratu du.
Erasotzailaren arrazoia pertsona zela uste du Fiskaltzak
Komunitate islamiarrean homosexuala izateak eragiten zion lotsak eraginda bere buruaz beste egin zuela uste du Fiskaltzak. Izan ere, Alaren gaineko ohiak eginez Mossoen agente bat hiltzen saiatu zen. Dena dela, poliziak hiltzea eragin nahi zuela uste du Fiskaltzak.
Erasotzaileak telefono bidezko mezu bat bidali zion bikotekide ohiari, antza, bere buruaz beste egingo zuela iragarriz. “Jainkoak nahi badu, goian dagoen erreinura joango naiz”.
Bere buruaz beste egitera zehazki zerk bultzatu zuen argitzeko ikerketa abian da, baina bere etxean egindako miaketetan ez dute talde terroristekin lotutako materialik aurkitu.