Politika -

Bilera goi-kargudunekin

Aldaketa 'geratzeko' etorri dela esan du lehendakariak

Bestalde, Gasteizko Gobernuko buruak 'orain arte jarrera totalitarioa' izan dutenak demokrazian sartu ahal izatea defendatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du "posible" egin beharko litzatekeela "orain arte jarrera totalitarioak izan dituztenak sistema demokratikoan sartzen uztea". Gobernuburuak, baina, ohartarazi du "haiek" direla "aldatu eta egin behar dutena egin behar dutenak".

Lopez bere Gobernuko goi-kargudunekin batzartu da Lehendakaritzan, agintaldiaren balantzea egiteko eta 2011ko erronkak eta helburuak ezartzeko. Bertan, ETAren su-etenaz eta Batasunaren alderdi berriaz mintzatu da.

Gasteizko Gobernuko buruak ziurtatu du ezker abertzaleak ikasi egin duela demokraziaren mugak ezin direla "zeharkatu" eta "bide bakarra" dagoela "politika egiteko", eta "sistema demokratikoan sartzeko prest" daudela esan duela.

Horren ildotik, lehendakariak esan du hori egia izatea espero duela: "Espero dut ezker abertzaleak pausoak egiten jarraitzea, eta lehenbailehen indarkeria terroristarekin harremana haustea, sistema demokratikoan sartuz eta haren arauak eta erakundeak errespetatuz".

Bere hitzetan, "hori gertatzen bada, historia makabro honen amaieran" egongo ginateke "behin betiko", eta ETAren amaierak "askatasuna" ekarriko luke.

Lopezek eskertu egin du alderdi gehienek "irmotasuna" eta "armak behin betiko uzteko exijentzia" agertu izana.

Aldaketa ''geratzeko'' etorri da

Agintean bi urtez egon eta gero, Euskadin gobernatu dezakeen bakarra EAJ den mitoa "behin betiko bukatu" dela iritzi dio lehendakariak, eta horrenbestez, "gauza batzuk ez dira inoiz izango lehen bezala". "Hori da aldaketa politikoaren garaipen handiena", berretsi du.

Lopezek "asko eta ondo" lan egin dutela esan die goi-kargudunei, eta "aldaketa lasaia" errotzen ari dela agertu die: "Aldaketa geratzeko etorri da", nabarmendu du. "Gure Gobernua herritarren benetako arazoak konpontzen ari da, eta ez arazoak sortzen eta zatiketak eratzen", ziurtatu du.

Krisia eta 2011rako helburuak

Lehendakariak aipatu egin ditu bere Gobernuaren helburu nagusiak: Terrorismoarekin bukatzea, bizitza politikoari normaltasuna eta lasaitasuna ematea, krisiari aurre egitea eta herritarrak ez abandonatzea, anistasuna defendatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea.

Bide batez, hamar Sailetako balantzea egin du,, eta Ongizate Estatuan erreformak egingo dituztela iragarri du, baina hura "hobetzeko" helburuz. Horretarako bi itun proposatu dizkie alderdiei eta erakundeei, zerga sistema eta politika sozialak erreformatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea