Politika -
Elkarrizketa ETBn
Caamaño: 'Itxurak egitea ez du nahikoa izango ezker abertzaleak'
Justizia ministroak uste du "ETA deseginda arazo asko kenduko genituzkeela" eta sektore politiko horrek ETArengandik bereizi behar duela "argi eta garbi".
Erredakzioa
Francisco Caamaño Justizia ministroak esan du ezker abertzaleak "itxurak egitea" ez duela "nahikoa izango" hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, izan ere, "historiak bermatu behar du, Strasbourgeko Giza Eskubideen Auzitegiak gogoratu zuenez".
ETBren ''Egunon Euskadi'' saioan eta Radio Euskadin egin dizkioten elkarrizketetan Justizia ministroak azpimarratu duenez, "euskal eta espainiar gizarteak ados daude terrorismoaren kontrako borrokaren printzipioetan" eta, "mugimenduak" daudela onartu duen arren, ezker abertzaleak "hauteskundeetan parte hartu nahi badu guregana gerturatu eta gurekin egon" behar duela uste du.
Horren harira, ez dutela "terrorismoaren kontrako politika aldatuko" eta ez dela "elkarrizketa politikorik izango" gogorarazi du.
Gainera, Caamañok uste du "ETA deseginda arazo asko kenduko genituzkeela" gainetik, baina bizirik jarraitzen badu, ezker abertzaleak "argi eta garbi" bereizi behar duela aldarrikatu du.
Hauteskundeei begira, Justizia ministroak zehaztu nahi izan du "legalizazioa gauza bat" dela eta beste bat "zerrendak kutsa ditzakeen hautagaiak egotea". Hori horrela, hauteskunde legea aldatu eta indarkeria gaitzesten ez duten kargudun publikoei kargua kentzeko aukera sartuta, "legeari iruzur egiteko bideak itxi" nahi izan omen dituzte, "indarkeria baztertzen ez dutenak erakundeetan egon ez daitezen".
Ezker abertzaleak botoa EAri ematea eskatuko balu, Caamañok aitortu du EA alderdi legala dela baina "ikusi" egin beharko litzatekeela "zeintzuk diren proiektu horretan dauden pertsonak, informazioa epaileen esku utzi eta haiek erabaki dezaten".
Mehatxu-gutunik, ez
Bestalde, Justizi ministroak jakinarazi du ETAren azken agiriaren ostean mehatxu-gutunen jarioa moztu egin dela eta hori "positiboa" bada ere, ez dela nahikoa.