Politika -
Loiola
Kuartelen inguruko negoziazioa 'lehenbailehen' hastea eskatu dio Goiak Roblesi
Defentsa ministroak eta alkateak Madrilen egin duten bileran, Goiak gogorarazi du Espainiako Lurreko Armadaren lursailen inguruko aldarrikapena “aspaldiko kontua” dela.
Agentziak | Erredakzioa
Loiolako kuartelen inguruko negoziazioak “lehenbailehen” hastea beharrezkoa dela adierazi dio Eneko Goia Donostiako alkateak Espainiako Defentsa Ministerioari, Armadak Donostian dituen instalazioak utzi eta hiriaren eskuetara pasatzeko helburua ahalik eta azkarren lortzeko asmoz, Donostiako Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Margarita Robles Defentsa ministroak eta alkateak Madrilen egin duten bileran, Eneko Goiak gogorarazi du Espainiako Lurreko Armadaren lursailen inguruko aldarrikapena “aspaldiko kontua” dela.
Gainera, Donostiako Udalak aho batez iritzi dio sail hori hiriaren eskuetan uztea beharrezkoa dela, Urumea ibarretik barrena aurreikusita dagoen garapen urbanistikoa gauzatu dadin.
Alkateak nabarmendu du hau izan dela “lehen aldia” Defentsa ministro batek Donostiako alkate bat hartzen duela Loiolako kuartelen inguruan hitz egiteko, baina onartu du “dezepzio puntu batekin itzultzen dela Defentsako arduradunak adierazitako jarrerarekin”.
Dena den, bi aldeek adostu dute datorren azaroan beste bilera batean elkartuko direla eta bertara Ministerioak kuartel berri baten eraikuntzak izango dituen kostuen ikerketa eramango du.
Eneko Goiaren esanetan, kuartelen leku aldatzea lortzeko “borondate politikoa behar beharrezkoa da”, nahiz eta orain arteko Espainiako gobernu ezberdinek “ez duten halakorik adierazi”. Hori dela eta, Defentsa ministroari dei egin dio “zezena adarretatik heldu” eta “Donostiaren etorkizunerako berebiziko garrantzia duen gai honen korapiloa aska dezan”.
Donostiako alkateak Loiolako lursailek izan dezaketen garapen urbanistiko ezberdinak aztertzen dituzte txosten ezberdinak partekatu ditu Robles ministroarekin, Ministerioaren jabetzakoak diren lur horien etorkizuneko aukerak ikusteko helburuz.
Eskuzaitzeta
Eneko Goiak adierazi duenez instalazio militarrentzat “leku alternatiboak bilatzea beharrezkoa bada”, Espainiako Gobernuak “lursail handia badauka dagoeneko Eskuzaitzetako industrialdean, Armadaren egungo instalazioak bertan eraikitzeko aukera ugari eskaintzen duena gainera”.
Edozein kasutan, alkateak adierazi du Udala “prest dagoela negoziatu beharreko guztia negoziatzeko”.
“Helburu bakarra dugu: Loiolako kuartelen lursaila hiriarentzat berreskuratzea”, esan du, baina horretarako “orain arte Espainiako Gobernuak azaldu ez duen borondatea adieraztea derrigorrezkoa da”.