Politika -
Izendapena
Pascual Sala, Auzitegi Konstituzionaleko presidente berria
Sala Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente ohia da. Maria Emilia Casasen tokia hartuko du.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente ohia izandako Pascual Sala Konstituzio Auzitegiko presidente izendatu dute gaur. Maria Emilia Casas ordezkatuko du.
Justizia erakunde horretako iturriek jakinarazi dutenez, Sala bigarren txandan aukeratu dute. Ordu erdi bakarrik behar izan dute presidente berria aukeratzeko, eta arratsaldean presidenteordea aukeratuko dute.
Pascual Sala valentziarra da eta 75 urte ditu; 2004tik epailea da Konstituzio Auzitegian.
"Gutxieneko gehiengo ahula"
Francisco Caamaño Justizia ministroa "pozik" agertu da Auzitegi Konstituzionalak "presidentea duelako". Gainera, Pascual Salaren "ibilbide pertsonala eta profesionala" goratu du, batez ere, herritarren eskubideen eta askatasunen alde eta konstituzioaren baloreen alde egindako lanagatik.
Bestalde, Pablo Llarena Magistraturaren Elkarte Profesionalaren (APM) bozeramaileak, Pascual Sala eta Eugeni Gay presidente eta presidenteorde "gutxienezko gehiengo ahul" bati esker izendatu dituztela azpimarratu du; hamaika magistratuetatik seiren babesa jaso dute.
"Sei boto bakarrik lortu dituzte eta horiek dira karguan aritzeko zilegitasuna ematen dizkietenak", azaldu du Llarenak.