Politika -
Elkarrizketa ETBn
Izaskun Bilbao: 'EBk ETAren su-etena argia denean emango ditu pausoak'
EAJren europarlamentariak azaldu duenez, hainbat bileratan "baieztatu" ahal izan du Europa "prest" legokeela bakerako ekimen bat martxan jartzeko.
Erredakzioa
Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariak esan du Europar Batasunak "ETAren su-etena argia denean soilik" emango duela "bere iritziaren berri", eta "ordura arte" ez duela "pausorik" emango.
ETBren ''Egunon Euskadi'' saioan egin dioten elkarrizketa batean Bilbaok azaldu duenez, "horregatik ere premiazkoa da ETAk nahikoa dela esatea".
Gainera, Ipar Irlandaren kasuan sortutako ''Peace'' ekimenaren antzeko zerbait aldarrikatu du Euskal Herriarentzat, bakegintza alorrean laguntza ekonomikoak izateko. "Su-etenaren ondoren bakea eraiki behar dugu, baina ez da bakarrik etorriko. ETAk utzi egin duela esan dezake, baina gauza gehiago daude egiteko", adierazi du Bilbaok.
Ordezkari jeltzalearen esanetan, hainbat bileratan "baieztatu" ahal izan du Europa "prest" legokeela ekimen bat martxan jartzeko, "baina baldintzak eskatzen ditu", eta horiek betetzen diren arte "inork ez du aldeko iritzirik plazaratuko".
Bestalde, europarlamentariak esan du Europa mailako erakundeek ez dutela "adierazpenik" egin nazioarteko bitartekariek euskal gatazkan joka dezaketen paperaren inguruan. Hala ere, azpimarratu du "nazioarteko gatazka garrantzitsuenek kanpoko laguntza" izan dutela.