Politika -
Arma erakusketa, Durangon
'Polizia Nazionalaren indarkeria erakustaldia onartezina da', EH Bilduren ustez
Polizia Nazionalak karpa bat jarri zuen asteazkenean Durango erdialdean, eta metrailetak eta beste hainbat arma erakutsi zituzten bertan. Horren aurrean, haserre agertu da EH Bildu.
EiTB.EUS
Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak agerraldia egingo du gaur, 12:00etan, Bizkaiko hiriburuan, koalizio abertzalearen Durangoko eta Bilboko zenbait ordezkarirekin, "Polizia Nazionalak Durango erdialdean asteazkenean egindako indarkeria eta mendekotasun erakustaldia" salatzeko. Bizkaiko udalerri horretako Ezkurdi plazan, karpa bat jarri zuen Polizia Nazionalak, eta metrailetak eta bestelako armak erakutsi zituen bertan.
Horren aurrean, EH Bildu haserre agertu da, "onartezina delako Estatuko indar polizialek herritarren aurrean horrelako erakustaldi bat egitea".
"Ekintza honek helburu bakarra zeukan: hemen nork agintzen duen argi uztea eta euskaldunon aurka erabil dezaketen indarra erakustea. Durangon gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela Estatuarekin dugun harremana aldatzea, harreman hori berdinetik berdinera izan dadin, eta gisa horretako gertaera larriak errepikatu ez daitezen", esan du koalizio abertzaleak.
Halaber, Durangoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera kritikatu du EH Bilduk, "haiek direlako euskal herritarrak beldurtzeko asmoa duten ekintza horien erantzule".