Politika -

Presoak

ETAko bi preso Zaragozara eta Logroñora lekualdatzea baimendu du Barne Ministerioak

Orain arte Almeriako espetxean egon den Kepa Arronategi Azurmendi Zuerako kartzelara eramango dute. Marta Igarriz Iceta, berriz, Castellotik Logroñora lekualdatuko dute.

Espetxe baten artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
Espetxe baten artxiboko irudia. Argazkia: EiTB
ETAko bi preso hurbilduko dituzte Logroño eta Zaragozara

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marta Igarriz Iceta Castelloko espetxetik Logroñora lekualdatzea eta Kepa Arronategi Azurmendi Almeriatik Zuerara (Zaragoza) gerturatzea agindu du Barne Ministerioak, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiaren bidez.

Agiri baten bitartez iragarri dituzte lekualdatze biak, zeinetan zehazten den 2005eko apirilaren 11n espetxeratu zutela Igarriz. 15 urte eta sei hilabeteko zigorraren hiru laurdenak bete ditu dagoeneko. Hain zuzen ere, lehergaiak edukitzea eta ETAri laguntza ematea leporatu zioten.

Alabaina, Espetxe Zaintzako epaileak bigarren gradua eman zion uztailean. Horrela, Castelloko kartzelako Tratamendu Batzordeak Igarriz senitartekoengana hurbiltzea eskatu zuen abuztuan.

Bien bitartean, Kepa Arronategi Azurmendi 1997tik dago Almerian preso. 158 urte, 8 hilabete eta 20 eguneko zigorra bete behar du. Arronategiri lehergaiak edukitzea, kalteak eragitea, talde armatu bateko kide izatea eta agintaritzaren aurka atentatzea egotzi zioten. Besteak beste, 72 urteko zigorra jaso zuen Espainiako erregearen kontrako atentatu bat prestatzeagatik. 1997an Guggenheim Museoa zabaldu zutenean izan zen atentatu saiakera hura (ertzain bat hil zuten, bertan).

Eusko Jaurlaritzaren erantzuna

Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi du Barne Ministerioaren erabakia, eta aurki lekualdatze gehiago egotea espero duela esan du.

"Eusko Jaurlaritzak egindako eskariarekin bat dator mugimendu hori. Horregatik, presoak Euskal Herrira gerturatzea espero dugu", adierazi du Iñigo Urkulluren gobernuak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia bideoak Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Errioxa gaur